GARA Euskal Herriko egunkaria
EUSKAL HERRIKO AIZKORA TXAPELKETAKO FINALA

Iker Vicentek txapela bigarren aldiz jantzi du, ahuleziarik azaldu gabe

Otsagabiko aizkolariak ez zuen aurkaririk izan 800 ikuslerentzat tokia zuen Iruñeko Nafarroa Arenan jokatutako finalean. Hasieratik nabarmendu zen, hamabi enborrak 41:11 denboran mozten. Hodei Ezpeleta izan zen bigarrena, txapeldunarengandik 4:47ra (45:58), eta hirugarren amaitu zuen Oier Kañamaresek, 9:22ra (50:15).

Bi txapeldun elkartu ziren atzo Nafarroa Arenan: Iker Vicente 2023ko txapelduna eta omenaldia jaso zuen Miguel Mindegia hamar aldiz txapeldun izandakoa. (Iñigo URIZ | FOKU)

Iker Vicente nafarra da Euskal Herriko Aizkora Txapelketako txapeldun berria. Faborito nagusia zen, ez zuen hutsik egin eta ez zuen inolako ahuleziarik erakutsi. Bigarren aldiz lortu zuen txapela Otsagabiko kirolariak, kasu honetan 800 ikuslerentzat tokia zuen Nafarroa Arenan lehiatutako finalean, hasiera-hasieratik nagusitasuna erakutsiz.

Finaleko 12 enborrak mozteko, 41:11ko denbora behar izan zuen Vicentek, bigarren izan zen Hodei Ezpeletaren aurretik, 4:47ko aldea ateraz (45:58). Oier Kañamaresek hirugarren amaitu zuen, 9:22ra.

Nafarroa Arena goitik behera apainduta agertu zen, eta finalak ez zuen hutsik egin. Egia da Iker Vicentek aise irabazi zuela, emozioa alde batera utziz, baina hastapeneko eta amaierako gertakizunek ikuskizuna handitu zuten.

Hasteko, gaur egungo garaietara hurbilduz, sei finalistak Europe taldearen “The Final Countdown” abestiarekin aurkeztu zituzten. Eta, segidan, Miguel Mindegia txapeldun handiari (hamar aldiz irabazi du txapelketa handia) omenaldia egin zioten txistulariek eta dantzariek, merezitako txapela jarri aurretik.

Emakumeen erakustaldia amaitutakoan, orduan hasi zen benetako lehia. Finalisten artean, azken orduko nobedade bat zegoen; izan ere, Jokin Urretabizkaia “Basozabal” aizkolariak ezin izan zuen parte hartu, gerriko minak jota, eta bere ordez Xuban Kañamares aritu zen. Finalisten artean azkena izan zen lana burutzen (+27:46), baina txalo zaparrada bikaina eman zioten ikusleek.

Aurretik, Iker Vicentek ez zuen ezustekorako tarterik utzi eta hasiera-hasieratik nabarmendu zen. Lehen enborra 1:22 denboran moztu zuen Otsagabikoak, eta bigarren posturako lehian Hodei Ezpeleta, Julen Gabirondo eta Oier Kañamares aritu ziren.

Lanak aurrera joan ahala, Vicentek aldeak handitu zituen, atsedenerako eta arnasa hartzeko tarteak aprobetxatuz. Seigarren enborrean, adibidez, 2:35eko abantaila zuen Ezpeletarekiko. Eta pixkanaka handitzen joan zen, azken enborra moztu zuen arte.

Ezpeletak 2021 eta 2022an irabazi zuen, baina atzo beste aizkolari bat izan zen indartsuagoa. Oier Kañamaresen atzetik, Julen Gabirondok (+14:14) eta Joxean Etxeberriak amaitu zuten (+16:07).

NEREA ARRUTI, ERAKUSTALDIAN GARAILE

Txapelketa nagusia baino lehen, hiru emakumek erakustaldia eskaini zuten Nafarroa Arenan. Nerea Arruti urnietarra, Oihana Fernandez de Barrena arabarra eta Nerea Sorondo beratarra aritu ziren nor baino nor.

Hala ere, Arrutik ez zien aukerarik eman aurkariei, eta aski erraz gailendu zen. 45 ontzako hiru enbor moztu behar izan zituzten. Urnietarrak 7:46ko denboran osatu zuen bere lana. Bigarren Fernandez de Barrena izan zen (9:50), eta hirugarren, Sorondo (10:17).

Hasierako erritmoa mantenduz, Nerea Arrutik Euskal Herriko Txapelketan lorturiko garaipena errepikatu zuen atzokoan ere, baina azken unera arte emozioa bizi izan zen bigarren posturako lehian. Fernandez de Barrenak (9:50) Sorondo garaitu zuen (10:17), txapelketa nagusian gertatu ez zen bezala.