GARA Euskal Herriko egunkaria

157 kilometro arteko haizeteek istripu ugari eragin dituzte

Eroritako zuhaitz bat, Kanbon. (Patxi BELTZAIZ)

Iragarri bezala, Ciaran izeneko ziklogenesiak gogor astindu du Euskal Herria, asteazken gauean bereziki. Bere indarra adierazten duen datu nagusia honakoa da: Matxitxakon orduko 157 kilometroko haize boladak neurtu zituen Euskaltemetek. Hala eta guztiz, barrualdean ere modu bortitzean ibili zen haizea, orduko 120 kilometroen gainetik. Gasteizen 100eko abiadura hartu zuen.

Ondorioak errepideetan eta aireportuetan antzeman ziren. Loiutik abiatu behar ziren hegaldi ugari, gehienak Europa aldera, bertan behera utzi zituzten.

Trafikoari dagokionez, Txorierriko N-637 errepidean bost autok talka egin zuten goizaldean, eta horren ondorioz kotxe ilara luzeak sortu ziren pare bat orduz. Sondika parean gertatu zen ezbeharra, baina Bilboraino heldu zen afekzioa: goizeko 8.00ak aldera, gidariek ia ordubete behar izan zuten hiriburutik aireportu ingurura iristeko.

Lapurdin hondartzak itxi zituzten, hala nola Hendaian eta Biarritzen. Pirinio Atlantikoen Prefeturak ezagutarazi zuenez, 7 metro arteko olatuak izan daitezke gaur.

Hendaia eta Zokoa artean igarotzen den erlaitzeko bidea itxita dagoela 2021eko azaroaz geroztik oroitarazi zuten. Bederen hamar bat egunez itxita izanen da errepidea.

Iruñeko Udaltzaingoak Caparroso bidea eta Caparroso hondartza lotzen dituzten pasabideak itxi zituen, Argaren ur goraldi nabarmena zela medio.