GARA Euskal Herriko egunkaria

Aurrekontuak onartzeko, «elkarlana» eskatu die Gipuzkoako Aldundiak talde politikoei

Gipuzkoako aurrekontuak onartzeko eta talde politikoen babesa lortzeko negoziazio aldian sartu da Aldundia, eta batzarkideei «elkarlana» eskatu zien. Atzo egin zuen lehenengo bilera, EH Bildurekin, eta koalizioa ekarpenak egiteko prest agertu zen.

Atzo EH Bilduko eta Aldundiko ordezkariek egin zuten bileraren irudia. (EH BILDU)

Pasatu den astean Gipuzkoako Foru Aldundiak 2024rako aurrekontu egitasmoa aurkeztu zuen, baina orain ez du Batzar Nagusietan gehiengorik, eta negoziatu egin beharko du. Eider Mendoza ahaldun nagusiak «konfiantza, indarra eta elkarlana» galdegin zizkien batzarkideei, eta eskatutakoa jaso zuen EH Bilduren aldetik, atzo egindako bileran. Aurrekontu proiektua hobetzen laguntzeko borondatea agertu zuen koalizio abertzaleak.

EH Bilduko ordezkariak -Maddalen Iriarte bozeramailea eta Estitxu Elduaien eta Jon Altolagirre batzarkideak-, Eider Mendoza ahaldun nagusia, Jose Ignacio Asensio ahaldun nagusiordea eta Jon Perona Ogasun arloko diputatua izan ziren mahaiaren bueltan.

«Gipuzkoaren etorkizunerako giltzarria den une batean gaude, ezegonkortasuna eta ziurgabetasuna nagusi diren egoera global batean. Horregatik, garrantzitsua izango da denok gure ekarpena egin eta akordioak lortzea. Ahalegin zintzoa egingo dugu akordioei ateak zabaltzeko», esan zuen Eider Mendozak.

Zentzu horretan, Gipuzkoako ahaldun nagusiak gaineratu zuen aurrekontuen bidez «konfiantza, indarra eta elkarlana» eskatuko dizkietela Gipuzkoako «ekonomia eta gizarte sareari eta batzarkide taldeei».

EH BILDU, BORONDATEZ

EH Bilduk hartu egin zuen Foru Aldundiak eskainitako eskua. «Gipuzkoak jauzi estrategikoa egin dezan», Maddalen Iriartek gidatutako taldeak «aurrekontu proiektua hobetzen laguntzeko borondatea» agertu zien EAJk eta PSEk osatzen duten gobernu taldeari.

Bide-orri bat segitzeko asmoa ere badu koalizioak, iragarri zuenez. «Lurralderako ardatz nagusiak diren arloek aurrekontuan pisu erlatibo handiagoa behar lukete, eta norabide horretan ekarpen eta proposamen zehatzak egingo ditugu», azaldu zuten EH Bilduko ordezkariek.

Bestalde, inflazioaren gorakadak markatutako egoera dela eta, inoizko diru bilketa handiena izan den garaiotan, «zuhurtziaz eta anbizioz» jokatzeko dagoen aukera baliatu behar litzatekeela adierazi zien Iriartek Aldundiko ordezkariei, koalizioak ohar batean ezagutarazi zuenez. «Inbertsioak portzentualki hazteko eta denboran eusteko baldintzak ezarri behar dira», nabarmendu zuen.

Asteartean Aldundiak aurkeztutako aurrekontu proiektuan, ordea, «ez da berrikuntza estrategikorik jaso», kritika egin zuen EH Bilduk. Talde honen aburuz, «jarraitutasunera bideratutako aurrekontua da, Gipuzkoak aurrez aurre dituen erronkak ohikoak ez diren unean».

Horregatik, hain zuzen, proiektua hobetzeko marjina handia dagoela azpimarratu zuen Maddalen Iriartek: «Uste dugu planteatu den aurrekontuaren artean eta lurraldeak egin behar duen jauziaren artean badagoela hobetzeko aukera».

EH Bildu koalizioak laguntzeko borondatea daukala berretsi zuen Iriarte bozeramaileak. «Egiturazko aldaketak egiten hasteko, akordio politiko garrantzitsu batzuk lor daitezke funtsezko gaietan. Gure eskua zabalik dago eta gu laguntzeko prest gaude», ohar egin zuen.

Aurrerantzean, beraz, proposamenak elkarrekin trukatzeko faseari ekingo diote talde guztiek.



Araban proposamen «errealista» du EH Bilduk

EH Bilduk adierazi zuen Arabako 2024ko aurrekontuak osatzeko proposamen «zinez errealista» ondu duela eta lurraldeko Foru Aldundiarekin eztabaidatuko duela. Eva Lopez de Arroyabe Arabako Batzar Nagusietako bozeramaile subiranistak nabarmendu zuen egungo egoera ezohikoa dela eta, beraz, ezohiko neurriak bultzatu behar direla, lurraldea «erronka estrategikoei» aurre egiteko gai izan dadin.

Aurrekontuak onartzeko, EAJk eta PSEk oposizioko talderen baten babesa behar du halabeharrez eta, horren jakitun, foru gobernuari akordio bat erdiesteko eskua luzatu zion EH Bilduk, baita datorren hilaren 14an aurrekontuen proiektua onartu aurretik ere.

Adierazi zuenez, koalizioaren proposamenak lau ardatz nagusi biltzen ditu: aberastasunaren banaketa, gizarte ongizatea, erronka ekosoziala eta lurralde oreka. Besteak beste, PFEZean aldaketak egitea, komunitate energetikoak bultzatzea eta erresidentzietako langileen baldintzak hobetzea aurreikusten du EH Bilduren dokumentuak. GARA