GARA Euskal Herriko egunkaria

Eraso hirukoitza, PSOEk eta ERCk sinatutako hitzarmenari

Bolañosek eta Junquerasek izenpetu zuten PSOEren eta ERCren arteko akordioa. (ERC)

Gero eta denbora gutxiago du Pedro Sanchezek, inbestidura eguna baino lehen beharrezko babes guztiak lortzeko. Joan den ostegunean urrats bat aurrera egin zuen, ERCrekin itxitako akordioari esker, tartean, amnistiaren legea, Kataluniako aldirietako trenen eskuduntza edo Estatu espainolarekin duen zorra kitatzea daudela. Fronte ezberdinetako erantzunak, ordea, ez dira asko berandutu, atzo iritsi baitziren hiru nagusi.

Batetik, fronte polizialean, Guardia Zibilak Marta Roviraren aurka jo zuen, Tsunami Democratic mugimenduaren koordinazioan egon zelakoan. Fronte juridikoan, Auzitegi Nazionalak CDRen aurkako epaiketa izango dela jakinarazi zuen. Eta hirugarrenik, fronte politikoan, zenbait erkidego kexu agertu ziren akordioan jasotako Kataluniarekiko finantzaketa dela eta.

Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak 2019an sortutako Tsunami Democraticen «koordinazio lanak» egin zituela ondorioztatu zuen Guardia Zibilak. Procés delakoaren auziaren epaiaren aurka protesta egiteko egindako ekintzak izan ziren Guardia Zibilaren arabera, eta «bere alderdi politikoaren babesa bilatzeko» egin zutela esan zuen.

Institutu armatuak txosten bat igorri zion plataforma anonimo hori ikertzen ari den Auzitegi Nazionaleko epaileari, eta Rovirari eskaini zion atal bat, Guardia Zibilak gertakarietan ikertutzat jo baitzuen. Ikerketa eta epai hori etorkizuneko amnistia lege baten barruan sar litezke.

CDREN AURKAKO EPAIKETA

Bestalde, Auzitegi Nazional espainiarrak Errepublikaren Defentsarako Batzordeetako (CDR) hamabi kide epaituko ditu terrorismo delituak leporatuta. «2019an Kataluniako egoitza ofizialetan ustez sabotajeak edo indarkeriazko ekintzak egin zituen talde horietako fakzio erradikalizatu bateko kide izateagatik» jarri zituzten ikerketapean.

ANeko zigor arloko hirugarren sekzioak sumarioa amaitzea eta kasu honetan auzipetutako dozena bat lagunen aurkako ahozko epaiketa hastea erabaki zuen, «erakunde terroristako kide izatea eta izaera terroristako gai edo aparatu lehergarri sukoiak edukitzea, gordetzea eta fabrikatzea» egotzita. Hau ere etorkizunean izango den amnistia lege baten barruan sar liteke.

«TRATU BERA» ESKATZEN

PSOEk eta ERCk Pedro Sanchezen inbestidurarako egindako akordioan Kataluniak Estatu espainolarekin duen zorraren zati bat barkatzeak PPk eta PSOEk gobernatutako erkidegoak batu zituen, tratu bera eskatzeko; eta horrelako neurriek negoziazio aldeaniztun baten ondorio izan behar dutela adierazi zuten.

PPko zenbait gobernuk, Gaztela eta Leongoak eta Kantabriakoak kasu, baieztatu zuten errekurtsoa aurkeztuko dutela. Beste batzuek, aldiz, haiei zenbat dagokien kalkulatu zuten.