IRAITZ MATEO
DONOSTIA

«Saharari kantari» elkartasun diskoa eta kontzertua aurkeztu dituzte Donostian

Hamabi kantuz osaturiko diskoa da “Saharari kantari”, hamasei euskal musikarik eta bi sahararrek grabatua. Elkartasunezko kontzertuaren berri ere eman zuten; abenduaren 22an izango da Kursaalen, eta diskoko parte hartzaileez gain sorpresaren bat ere egongo dela aurreratu zuten atzo egindako aurkezpenean.

«Saharari kantari», hamabi kantuz osaturiko diskoa aurkeztu zuten, atzo, Donostian.
«Saharari kantari», hamabi kantuz osaturiko diskoa aurkeztu zuten, atzo, Donostian. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Isil daitezela bonbak eta entzun dezagun musika», eskatu zuen Kristina Berasain kazetari eta proiektuaren bultzatzaileak, Saharari eta Palestinari keinu eginez, atzo goizean, Donostian egindako aurkezpenean. Kursaal parean haima saharar bat jarri zuten, eta bertan elkartu ziren proiektuaren babesleak, musikariak eta saharar komunitatea. Hamabi kantuk osatzen dute “Saharari kantari” CDa, eta abenduaren 22an kontzertua egingo dute Kursaalen bertan.

Berasainek azaldu zuen herri sahararrari «keinu bat» egin nahi izan diotela, eta musikaren bidez Sahararen askatasunerako eskubidea aldarrikatu dute. «Ez dugu ahaztu behar duela hiru urtetik sahararrak berriz ere gerran daudela, eta ia berrogeita hamar urte daramatzatela basamortuen basamortuan erbesteratuta, edo okupaziopean, beraien lurraldean, Mendebaldeko Saharan» adierazi zuen Berasainek. Musikari guztiek baiezkoa eman zioten Berasainen proposamenari, eta pozik kontatu zuen hori: «Musu truk aritu dira, eta batez ere ilusioz, ekimen honen xedearekin bat eginez».

EKARPENA

Iker Laurobak errefuxiatuen kanpamentuetan ezagutu zuen Berasain, eta esan zuen dakitenaren bidetik ekarpena egiten saiatu direla: «Gure ekarpenarekin saiatzen gara arazo hori orainaldira eta hona ekartzen, ikusarazteko konpondu gabeko arazo handi bat dagoela». Eta Estatu espainolak duen erantzukizuna salatu zuen, «gaur egun, oraindik, lurralde horren administratzailea delako».

Itziar Ituñok pasatu den urtean ezagutu zuen Sahara. «Munduko desertu lehorrenetariko batean loratu den herri bat da», kontatu zuen, eta gaineratu oso hunkigarria izan zela han egotea. Nabarmendu zuen Euskal Herria eta Sahara beti egon direla «borrokan elkarren ondoan», eta bere «aletxoa» jartzeko aukerari ezin ziola ezetz esan: «Arazo horri ikusgarritasuna emateko gaude gu».

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Fronte Polisarioko ordezkariordea da Fatma Mohamed, eta aurkezpenean egon zen bera ere. Adierazi zuen oso eskertuta daudela eta beraien herriaren arazoa ikusarazteko bide egokia dela kultura. «Ia 50 urte daramatzagu, erraz esaten da, baina Saharako herriak ez du amore emango, borrokan jarraituko dugu oztopoen gainetik», esan zuen. Eta nazioarteko eszenatokiak ez duela laguntzen gehitu zuen, Palestinari beraien elkartasuna helaraziz.

16+2 ARTISTA

«Poesia etorkizunez betetako arma da, eta espero dugu poesiaz betetako kanta hauek ahanzturari eta axolagabekeriari aurre egiten lagunduko dutela», helburu horrekin sortu zuten diskoa, hala aitortu zuen proiektuaren bultzatzaileak. Orotara hamabi kantu ditu, eta Euskal Herriko hamasei artistek eta Saharako bik parte hartu dute sorkuntzan. Disko bakarrean elkartu dituzte Mikel Laboa, Oreka TX, Mikel Urdangarin, Anari, Iker Lauroba, Esti Markez, Fariba Sheikhan, Postal Kolekzionistak, Physis versus Nomos, Pello Reparaz, Izaro, Olatz Salvador, Idoia Asurmendi, Itziar Ituño, Eñaut Elorrieta eta Olaia Inziarte. Aziza Brahim eta Ali Seidah artista saharar ezagunek ere bat egin dute ekimenarekin.

Aipaturiko artisten kantak biltzen dira diskoan, eta kasu batzuetan, bertsio berriren batekin. «Abeslariek aurretik sortutako eta proiektu honetarako propio sortutako kantak daude», zehaztu zuten. Azaldu zuten Sahara dutela ardatz kanta guztiek, Anariren “Bidea eta denbora” kantuak izan ezik, baina kantaren letrak diskoan txertatzeko bidea ematen zuela.

KONTZERTU BAKARRA

Abenduaren 22an, Donostiako Kursaalen. Aurreratu zuten hori dela gorde beharreko data, «bizitzan behin bakarrik» ikus-entzun ahalko den kontzertua izango baita. «Kontzertuaren helburua ahaztutako eta isilarazitako gatazka honi ikusgarritasuna ematea da», erantsi zuen Berasainek. Atzo bertan salgai jarri zituzten sarrerak.

Helburu solidarioa ere azpimarratu zuten: «Diskoaren salmentan eta kontzertuan bildutako dirua ondare kultural eta historikoa babesteko bideratuko da. Euskal Fondoa eta SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren arteko lankidetza proiektuen markoan ondare kulturalari lotutako egitasmo batera bideratuko dira irabaziak».

Aurkezpenean izan ziren, musikariez gain, ekimen honen babesleak eta bultzatzaileak ere: Euskal Fondoa, Elkar, “Berria” eta Bakun.

Iraia Okina ilustratzailea da diskoaren azalaren egilea. Duna batzuk ageri dira irudian, eta emakume sahararrak dantzan, basamortuko eguzkiaren argitan.