Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Euskalduna abiapuntu

Lehengoan jatetxe batera sartu eta, jesarri orduko, hara! Mahai gainean zen UEMAren paperezko zamauan irakurria: “Bertatik Bertara. Gure herria, gure hizkuntza, gure arnasa”, hainbat hizkuntzatan. Handik gutxira leitu nuen prentsan Ajuriaeneko maizterrari gertatua, ez dakit zertaz, baina beheko Estatuko Gortekoentzat izandako bilkuraren batean, non eta Euskalduna jauregian. Hori marka! Kronikak zioenez, maizterra euskaraz hasi zen berbaldiaren atarikoan, ohikoa duen patxada geldian, eta zer gerta? Alerta! Bada, etorritako batzuk eztulaldia izaten hasi ziren, arnasa ezin hartuan, A ereduko pastilla-kaxa handia hustu arte sikiera. “Gure hizkuntza, haien eztula”. Gure bitamina, haien mina. Harrapa ezak/n! Irak/n! Hortaz, hamaika motibo eta halako bost arrazoi ere atzo Bilbon izateko, non eta Euskaldunatik abiatutako arnasaldian.

Jauregia izena, Euskalduna izana. Justiziako Jauregia ere bada, izenez. Bai zera, kimera! Noren jauregitik norentzako justizia? Erdal eredutik euskal ereduarentzat? Auzitegia ere deitua; argiagoa zait izen hau, euskararen inguruan auziak sortzeko tegia delako, konstituzioaren zioaz. Erdaltegi ofiziala. Odolak su gabe diraki, kontuak atera suarekin! Suhiltzaileak datozkit burura, ez zuzenean, zeharka baino. Argitu dezadan! Irakurtzen hasita hau ere irakurri dut egunotan, ertzain batzuek eskatu dutela pistola aldean izatea lanetik kanpo ere! Oheraino? Kolpea, gero! Ez dakit borra, gas negar-eragilea, kaskoa eta eskuburdinak ere kit berean sartzen diren! Hala bada, akabo! Akaso gero aparteko orduak bezala kobratzeko eskatuko dute? Kapazak! Eta horra suhiltzaileena! Nire lagun baten amaginarrebaren suhia lanbide horretakoa da eta, haiena jakinda, berak ere trataera bera eskatu, eta lanetik kanpo ur-mahuka nahi duela aldean eroan txikiteora… Ulertzekoa da.