Alaia SIERRA
BILBO
OLDARRALDI JUDIZIALAREN AURKAKO MANIFESTAZIOA

Euskaraz bizitzeko eskubidearen alde Bilbo hartu dute milaka pertsonek

Euskararen normalizazioaren aurkako sententziak salatzeko manifestazioak milaka lagun bildu zituen atzo arratsaldean Bilbon. Erasoak deitoratzearekin batera, euskararen aldeko akordio soziopolitiko bat aldarrikatu zuen Kontseiluak, «oldarraldiari aurre egiteko ez ezik, euskararen etorkizuneko erronka handiei erantzuteko».

Bilboko Kale Nagusi osoa bete zuen manifestazioak, 70.000 pertsonekin, Udalaren arabera.
Bilboko Kale Nagusi osoa bete zuen manifestazioak, 70.000 pertsonekin, Udalaren arabera. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Euskararen aurka epaitegietatik azkenaldian izan diren epaiak salatzeko, euskararen normalizazioan aurrera egitea aldarrikatzeko eta herritarren eskubideak erdigunean jartzeko Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioak milaka eta milaka lagun bildu zituen atzo arratsaldean Bilbon, “Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat” lelopean.

Udalaren arabera, 70.000 lagun izan ziren mobilizazioan.

Manifestazioa hasi baino lehen, Euskalduna Jauregiaren inguruak jendez betetzen hasiak zirenean, Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak «herrietatik ikusten ari garen mugimendua» nabarmendu zuen bereziki. Izan ere, «gure sorpresarako» Euskal Herriko toki desberdinetatik 50 autobus inguru antolatu ziren. Eskisabelen hitzetan «hori bera da, guretzat, adostasun sozialaren adierazpena».

17.00ak pasata abiatu zen manifestazioa Euskalduna Jauregitik. Pankarta Kontseiluko zuzendaritzakide eta bazkide diren erakundeetako ordezkariek eraman zuten: Ana Urkizak (Eusko Ikaskuntzako lehendakaria), Patxi Uribarrenek (Karmeldarra eta Euskaltzaina), Leire Solozabalek (ARTEZeko ordezkaria), Intza Gurrutxagak (EHEko bozeramailea), Aize Otañok (AEK-ko Gipuzkoako koordinatzailea), Amagoia Mujikak (Berria-ko zuzendaria), Idurre Eskisabelek (Kontseiluko idazkari nagusia), Joxerra Olanok (IKAko ordezkaria), Irati Iciarrek (Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria), Elorri Arinek (Euskal Konfederazioko ordezkaria) eta Martin Aramendik (UEMAko lehendakaria).

Haien atzetik, mobilizazioari atxikimendua erakutsi dioten eragileetako ordezkariak: EAJ (Itxaso Atutxa, Joseba Egibar, Aitor Esteban, Maria Eugenia Arrizabalaga...), EH Bildu (Pello Otxandiano, Nerea Kortajarena, Maddalen Iriarte...), Geroa Bai (Maria Solana eta Jabi Arakama) eta Sumar (Lander Martinez eta Andeka Larrea) alderdi politikoak eta ELA (Mitxel Lakunza, Pello Igeregi), LAB (Igor Arroyo eta Urko Aierbe), ESK (Javier Saenz eta Sergio Ortega), Steilas (Marije Echevarria eta Haize Arbide), CGT, CNT, Hiru (Patxi Agirre eta Jon Altuna), EHNE (Patxiku Irisarri) eta Etxalde (Amets Ladislao) sindikatuetako ordezkariak. Lanarteatik Amagoia Gurrutxaga izan zen, eta pentsiodunen mugimendutik, Arantza Urrezti, Karlos Etxebarria eta Mattina Etxebarria, besteak beste.

Erakundeen aldetik, Nafarroa eta Gasteizko Parlamentuetako buruak izan ziren, Unai Hualde eta Bakartxo Tejeria, hurrenez hurren, eta bi legebiltzarretako parlamentari ugari. Halaber, Araba eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Ramiro Gonzalez eta Eider Mendoza eta Bizkaiko Aldundiko bozeramaile Leixuri Arrizabalaga bertan izan ziren, baita Bilbo eta Donostiako alkate Juan Mari Aburto eta Eneko Goia ere. Nafarroako Euskarabideko zuzendari Javier Arakamak ere ez zuen hitzordura huts egin.

Nazioarteko ordezkariak ere Bilbon ziren. Besteak beste, Estatu espainoleko beste hizkuntza gutxituen aldeko eragile sozialen ordezkariak: galizieraren aldeko A. Mesa pola Normalización Lingüística, Kataluniako Òmnium Cultural, Valentziako Escola Valenciana eta Acció Cultural del País Valenciá, Balearretatik Obra Cultural Balear eta asturieraren aldeko Xunta pola Defensa de la Lingua Asturiana eta Iniciativa pol Asturianu-ko kideak.

«Hemen gaude, euskararen alde», «Euskal Herrian euskaraz» eta «euskarari erasorik ez» oihuek hartu zuten Kale Nagusia, espaloiak jendez gainezka eta denak txaloka, manifestazioak aurrera egin ahala. Kale osoa bete zuen manifestazioak.

Manifestazioaren burua Plaza Biribilera heltzear zela, 18.00etan, oraindik jendea zegoen zain Euskaldunako irteera puntutik abiatzeko.

18.20 aldera iritsi zen mobilizazioaren burua Bilboko udaletxe aurrera. Han, Ruper Ordorikaren emanaldiaren ondoren, Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek hartu zuen hitza.

Lehenik eta behin, eskerrak eman zizkien euskararen aurkako oldarraldiaren aurrean «hesi bat» osatzera joan zirenei, «euskararekin bat egitera eta euskaraz bat izatera» batu ziren guztiei.

Ruper Ordorikaren hitzak gogoratuz, «euskaldun izatea zein nekeza den» nabarmendu zuen eta, musikariak berak utzitako beste mezu bat - «zaindu maite duzun hori»- aipatuta, gaurko euskaltzaleok «zerbait bagara, nekezia handi, sakon eta etengabekoen aurkako zaintza erraldoi baten emaitza» garela erantsi zuen.

«Oinarri zehatz bat duen zaintza sistematzat» jo du «debeku eta nekezia guztien kontra milaka lagunek belaunaldiz belaunaldi euskararen aldeko hautua» egin izana, baina «historia ez da laua, baizik eta txirikorda bihurri eta konplexua», eta «iraganeko eta gainditutzat jotzen ditugun kontuak indar eta aldaera berriz sortzen zaizkigu». Horixe gertatu da, Eskisabelen esanetan, euskararen aurkako azken oldarraldiarekin, nahiz eta «uste genuen, gutxienez, Euskal Herriko parte batean, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroako zati batean bagenituela berme batzuk euskararen normalizaziorako hizkuntza politikak aurrera eramateko».

Kontseiluko buruak nabarmendu zuen epaitegietatik iritsi diren sententzia horietako bakoitzak «kezka eta larritasuna» piztu dutela, izan ere, «ari gara ikusten nola ari diren epaileak euskararen normalizazioa buru duten neurri, arau eta legeak baliogabetzen, epai soka luzean... nola ari diren euskararen normalizaziorako politika publikoen tresneria eraisten, nola adostasun sozial eta politiko zabalen gainetik botere judiziala ari den esku hartzen, eta hizkuntza politika egiten».

AKORDIO SOZIOPOLITIKO BERRIA

«Bereziki mingarritzat» jo zuen epai horiek guztiak lotzen dituen «premisa faltsua: lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak elkarren kontrakoak direla, kontrajarrita daudela», eta auzia «oso bestelakoa da: elkar osatzen eta indartzen duten eskubideak dira».

Halaber, idazkari nagusiak «bereziki larritzat» jo zuen hori guztia euskarak aurrera begira dituen erronkak «izugarriak» direnean gertatzea, «globalizazioaren aldaera muturrekoan eta bizimodua digitalizatu zaigun honetan», hizkuntzen harremana «aldatu egin baita: hizkuntza nagusiak gero eta nagusiago, hegemonikoago, gutxituak gero eta gutxituago».

Testuinguru horretan, erronka guztiei «behar bezala» aurre egiteko hizkuntza politiketan «jauzi bat egitea» ezinbestekoa dela nabarmendu zuen, «hezkuntzan, helduen euskalduntze-alfabetatzean, ikus-entzunezko eta kultur ekoizpenerako baliabideetan, eremu sozioekonomikoaren lanketan...».

Hori guztia kontuan hartuta, Kontseiluak «ezinbestekoa» ikusten du akordio soziopolitiko berri bat, «oldarraldiaren aurrean hesia jarriko duena ez ezik, euskarak eta euskararen komunitateak etorkizuneko erronkei aurre egiteko moduko zorua eratuko duten hizkuntza politikak bideratuko dituena». «Olatu erreakzionarioari eutsiko diona ez ezik, aurrera jauzi egin eta euskararen biziberritzeak egun dituen erronkei erantzuteko moduko itun politiko eta soziala», aldarrikatu zuen.

Akordio horretarako, adostasunak bilatu eta lantzeko Kontseiluaren konpromisoa berretsi zuen Idurre Eskisabelek, «euskarak guztiok behar baikaitu».

Ildo horretan, nabarmendu zuen euskarari eta euskal komunitateari bizirik eusteko «oinarri sozial sendoa ezinbestekoa» dela, «zoru sendo eta ziurra osatzeko», eta bereziki dei egin zien erakunde eta indar politikoei akordio berri horretan «parte eta bultzatzaile izan daitezen, sen onez», duten «ardura eta gaitasunagatik».

Hitzartzearen ondoren, Eskisabel Kontseiluko bazkide nagusien ordezkariekin elkartu eta sokadantza dantzatu zuten, Iruñeko Duguna taldeak gidatuta. Honen bitartez, «talde lanaren irudikapen soila bezain indartsua» erakutsi nahi izan zuten.

Bitartean, Ihintz Iriarte abeslariak Sustrai Colinak idatzitako bertsoak kantatu zituen, Arkaitz Minerrek, Lorea Intxaurrandietak, Mikel Urbeltzek eta Ander Blaskok kantua musikaz lagundu dutelarik.

Ekitaldiari amaiera emateko, Bernat Etxepareren “Kontrapas” abestia kantatu zuten antolatzaile eta parte-hartzaileek. 19.00ak pasata ziren dagoeneko.