GARA Euskal Herriko egunkaria

Txori zaurituak


Bazen behin gizon sentibera bat, nortasun samurra zeukana, gozoa. Txoriekiko maitasunez bizi zen, sinfonia hegodunean, izaki hauskorrak diren hegaztien aiduru beti, haiengandik sorgindua balego bezala. Egunsenti oro, gosariko kafea ezpainetan zeukala oraino, irribarretsu ateratzen zen etxeko atetik, txorien kantuak entzuteko irrikaz. Asfaltotik urrun, isilpean eraikitako lorategi sekretu bat zeukan, non, berak erakarritako txoriek paradisu ttipi bat zeukaten adaxken artean. Txolarreak, zozoak eta urretxindorrak zeuden han, papogorriak eta karnabak, sasi-txori eta txepetxuriak, berdelautsak eta ainarak, paisaia alaitzen zuten kolore distiratsuko dozenaka luma nolanahi.

Bazeuden osasuntsu ez zeudenak ere, zaurituak, bide bazterrean jasotzen zituenak. Pazientzia handiz zaintzen zituen gaixoak, errespetuz eta maitasunez. Erremedio naturalen sekretuak ikasi zituen, apositu delikatuak egiten zekien. Zauritutako txori hauek berriro hegan egin zezaten bere laguntza eta sakrifizioa premiazkoak zirela ulertua zuen gizonak. Bere denbora eskaini zuen, bere asmo batzuei uko egin txoriei bizirauteko aukera emateko. Bere erosotasuna eta energia euren ongizatearen alde sakrifikatzen zuen. Ilunak mundua absorbitu zuenean, nehork ez zuen gizon hau ezagutu, ziurrenik zeruko izarren marmar leuna entzuten egongo zen, txoriek harmonian kantatzen zuten bitartean.

Agian, denbora da mundu honetan ezagutu ez duguna, edo beharrezko gauzetan inbertitu eta ikasteko aukera, bestela; besteek zerbait irabaz dezaten, guk zerbait galdu behar dugula jakitea.