Alaia SIERRA
BILBO
OLDARRALDIAREN AURKAKO MANIFESTAZIOA

Euskararen alde erantzun zuen 1,5 kilometro baino gehiagoko jendetzak

1.500 metroko luzera duen Bilboko Kale Nagusia guztiz betetzera iritsi zen larunbat arratsaldean Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen aurkako oldarraldi judiziala salatzeko manifestazioa.

Bilboko Kale Nagusi osoa bete zuen manifestazioak.
Bilboko Kale Nagusi osoa bete zuen manifestazioak. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Euskaraz bizitzeko eskubidearen aldarriak Bilboko Kale Nagusia hasieratik amaierara jendez bete zuen. Hasi baino lehen, Euskalduna Jauregiaren atarian, erakundeek eta eragileek erakutsitakoa baino, jendeak adierazitako elkartasuna azpimarratu zuen Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak.

Manifestazio «historikoa» izango zela espero ote zuten galdetuta, Eskisabelek bederen euskalgintzarako «mugarria» zela ziurtatu zuen. Azaldu zuenez, euskalgintzak eta euskararen arteko mugimenduak «urteak» zeramatzan «kezka bat partekatze formatuan», alegia, manifestazio batekin kalera atera gabe.

Idazkari nagusiak adierazpen hauek ematen zituen bitartean, Jesusen Bihotzaren plazatik, Abandoibarra etorbidetik, Casilda Iturrizar parketik eta jendez beteta zegoen tranbiatik zetozenek manifestazioaren abiapuntuaren inguruak hartu zituzten. Behin lehenengo lerroa abiatuta, txoko guztietan zain eta txaloka zegoen jendetza amaigabea zen.

Kontseiluak aurreko egunetan esandakoaren arabera, 50 autobus baino gehiago zeuden antolatuta larunbat arratsaldean Bilbora joateko Euskal Herriko zenbait tokitatik. Hala ere, egunean bertan antolatzaileek sareen bitartez nabarmendu zutenez, 69 autobus zeuden aparkatuta San Mames zelaiaren ondoan.

Plaza Eliptikora iritsi arte, jendez betetako espaloien korridore batek harrera egin zien pankarta eramaten zutenei eta atzetik martxarekin bat egiten zihoazenei. Bitartean, eta manifestazioa hasi eta ordu erdira, jende asko zain zegoen oraindik Euskalduna Jauregiaren ingurumarian, handik mugitu ezinik. Han zeuden manifestatzaile askok honen berri eman zuten sare sozialen bidez, buruak itsasadarraren beste ertzerantz aurrera egiten zuen bitartean.

«Hiru ordu laurden geldirik», «40 minutu hemen mugitu ezinik, jende uholdea euskararen alde» eta «ikaragarria dela ematen du» bezalako mezuak zabaldu zituzten, argazki eta bideoekin batera.

Aurrerago, Plaza Biribilera, hau da, kalearen amaierara, heldu zenean, jende-piloa beste muturreraino heltzen zen, Jesusen Bihotzeraino. Beraz, 1.500 metroko luzera duen Kale Nagusia guztiz hartzen zuen euskararen aurkako oldarraldia salatzeko manifestazioak.

EMOZIOA ETA ALDARRIKAPENA

Udaletxearen atarian egin zuten amaiera ekitaldia handik amaigabea zirudien jendetza batek inguratu zuen. Idurre Eskisabelek emandako hitzaldiak, Ruper Ordorikaren musikak, jendea elkartu zuen soka-dantzak eta bukaerako kantaldiak lagunduta, hunkidura kutsu bat batu zitzaion Bilboko zabalgunea zeharkatu zuen aldarrikapenari.

70.000 pertsona baino gehiagok euskaraz bizitzeko eskubidearen aldeko aldarri irmoa eraman zuten Bilbora, alderdi politikoetako, sindikatuetako, nazioarteko hizkuntza gutxituen aldeko eragileetako eta beste eragile batzuetako ordezkariak barne. Eskisabelek zioen bezala «mugarri» izan den mobilizazioaren ondoren Kontseilutik akordio soziopolitiko baten alde egin zuten, «ezinbestekoa» delakoan, bai oldarraldiari hesi bat jartzeko, baita euskararen komunitateak erronkei aurre egiteko hizkuntza politikak bideratzeko ere.