GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskal Herria nazio antifaxista dela berretsiko du EH Bilduk A18an

Azaroaren 18an Bilbon egingo duen manifestazioan, Euskal Herriaren «izaera solidarioa eta antifaxista» agerian utziko du EH Bilduk. Besteak beste, Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren alabak izan zituen alboan Arnaldo Otegik atzoko agerraldian.

Otegi hizketan, EH Bilduren Bilboko egoitzan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

EH Bilduk Bilbon antolatu duen manifestaziorako hamaika egun eskas falta dira, eta deialdiaren zenbait ezaugarriren berri emateko agerraldia egin zuen atzo Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak, Bizkaiko hiriburuan bertan. Francisco Letamendia Ortzi diputatu ohia; Ane Muguruza, Josu Muguruzaren alaba; Edurne Brouard, Santi Brouarden alaba; Iker Mariezkurrena, Berriozarko alkatea; Nadia Nemeh, Bermeoko alkatea; eta Garazi Perea, Bilboko zinegotzia, izan zituen ondoan, euskal herritarrei parte hartzeko gonbita egiteko orduan.

Azaroaren 18ko ekimena testuinguru «berezian» egingo dutela aipatu zuen Otegik. Batetik, jakina da Estatu espainolean presidentearen inbestidura-saioari bide emateko egunak direla oraingo hauek. Eta, bestetik, azaroaren 20a Euskal Herrian gerra zikinaren adierazgarri da, egun horretan hil baitzituzten atentatu banatan ezker abertzaleko hautetsi ziren Brouard (1984an) eta Muguruza (1989an).

NAZIO ARAZOEN EZTABAIDARI BIDE EMATEA

Lehenengo faktore horri erreparatuta, EH Bilduk ate bat zabaltzeko modua ikusten du: «Gure ustez, argi dago inbestidura ematen baldin bada, eta legegintzaldiari bide ematen bazaio, nazio arazoen inguruko eztabaida irekitzeko aukeraren aurrean egongo garela. 78ko autonomia eredua krisian dagoelako lehenik, eta bigarrenik, inbestidura hori indar plurinazionalek sostengatuta egongo delako». Otegik agertutakoaren arabera, «espainiar Estatuak onartu beharko du bere natura plurinazionala eta, horregatik, 18an Bilbon gure aurkezpen karta jarriko dugu mahai gainean nazio bat garela adieraziz». Horixe da mobilizazioaren lelo nagusia.

PALESTINAR ORDEZKARIAK ERE BILBON

«Baina solidarioak ere bagara», oroitarazi zuen indar independentistako koordinatzaile nagusiak, «eta euskal nazioa defendatzen dugunean munduan dauden herri guztien borroka eta askatasuna ere defendatzen ditugu. Horregatik, Palestinari begira egongo gara, eta FDLP eta FPLP-ko kideak ere izango dira gurean haien elkartasuna adierazteko».

Horrekin batera, «Santi eta Josu ere gogoratuko ditugu urtero egiten dugun bezala, Estatu terrorismoak eraildako militanteak, haien bide berean jarraitzen dugula aldarrikatzeko eta memoria duen herria garelako», ohartarazi zuen.

Azken ezaugarri bat ere izango du manifestazio horrek, gaurko egoerari zein Euskal Herriko historiari loturikoa: «Nazio antifaxista garela gogoratuz, eta Madrilgo Cibelesen faxistak elkartuko direla jakinez, gurean antifaxistak elkartuko gara».

Agerraldia hasi aurretik belaunaldi eta ibilbide ezberdinetakoak diren eta prentsaurrekoan alboan izan zituen pertsona horiekin bildu zen Otegi, mobilizazioaren nondik norakoak haiekin partekatzeko asmoarekin.