Nerea LAUZIRIKA
BILBO
ZAINTZA EREDUAREN GAINEKO EZTABAIDA

Zaintza eredua irauli beharra dagoela azpimarratu dute ELAk eta LABek

Greba orokor feminista ate joka dela, ELAk eta LABek zaintza eredua aztertu eta ondorioak txosten banatan jaso dituzte. Astelehenean aurkeztu zituzten eta bat egiten dute puntu gehientsuenetan; zaintza eredu publiko komunitarioaren beharrizanean, besteak beste.

Andre bat, adineko emakume batekin, Donostian.
Andre bat, adineko emakume batekin, Donostian. (Gorka RUBIO | FOKU)

ELA eta LAB sindikatuek zaintza ereduaren inguruko txosten bana zabaldu dute, antzeko ondorioak mahai gainean jarri dituztenak: zaintza eredua errotik aldatu beharra dago, genero ikuspegia oinarri dela publikoa eta komunitarioa izan dadin. Sobera arrazoi dagoela iritzita, langileriari azaroaren 30eko greba orokor feministarekin bat egiteko deia egin zioten atzo egindako agerraldi banatan.

ELAko Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak, Leire Gallego Gizarte Ekintzako arduradunak eta Janire Landaluze Ikerketa Bulegoko kideak hartu zuten hitza. LABen agerraldian Garbiñe Aranburu koordinatzaile nagusiak eta Ipar Hegoa Fundazioko Edurne Larrañagak parte hartu zuten.

ELAk ondutako txostenak zein LABenak jakina zena baieztatzen duten datuak jarri dituzte mahai gainean: ordaindu gabeko zaintza lan gehienak emakumezkoek egiten dituzte. LABen “Ikusmiran 14” txostenaren arabera, Hego Euskal Herrian etxeko lanera emanda dauden herritarren %87,97 dira emakumeak, hots, 164.328 andre.

Larrañagak azaldu zuen lan ez ordainduen bidez, «kapitalak doako langileak eskuratu» dituela eta soldata ordainduko balitzaie, 1.570 euroko 14 ordainsari, EAEko 2024rako aurrekontu proiektuaren %24 izango litzatekeela.

ELAk, berriz, ondorioztatu du gizon eta emakumeen arteko zaintza lanen banaketan desoreka handia dagoela oraindik ere, Landaluzek azaldu zuenez: «Emakumeek batez beste 2,2 ordu gehiago egiten dituzte gizonek baino».

Era berean, ELAren txostenak salatu du sistemak ez dituela premiak asetzen, Gizarte Zerbitzuen Legeetan ez delako eskubidea aitortzen, besteak beste. Gainera, zaintza lana soldatapekoa den kasuetan «neurri handi batean abusu-egoerak jasaten dituzten emakume migratuek» hartzen dituzte beren gain. Horrez gain, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan mendekotasun aitortua duten 220.000 pertsona daudela azaleratu du, nahiz eta asko aitortu gabe eta, beraz, estatistika horretatik kanpo dauden. Horietatik «gehienak inolako estaldurarik gabe» daude.

Pribatizazioaren gaiari ere heldu dio ELAren txostenak, ondorioztatuz zerbitzu gehienak enpresa pribatuen esku daudela. Landaluzeren hitzetan, «EAEko zahar etxeen artean soilik %9,2k dute kudeaketa publikoa». Izan ere, gainontzekoen titulartasuna kasu guztietan pribatua ez bada ere, kudeaketaz enpresa pribatuak arduratzen dira.

Eredu horrek eragina dauka mendekotasun egoeran dauden eta zerbitzu horiek kontratatu behar izaten dituzten pertsonei eskatzen dizkieten kuoten prezioan, Landaluzek azaldu zuenez: «2.000 euro igo da hiru urtean».

Garestiak diren arren, ELAk plazaratutako txostenak agertzen du zerbitzuen kalitatea ez dela ona, sindikatuko Ikerketa Bulegoko kidearen arabera, «langile ratioak behar direnak baino askoz apalagoak dira, eta langileek ez daukate astirik arreta behar bezala emateko».

BOST OINARRI

Egoera azaldutakoa izanik, ondorengo bost ezaugarriak izan beharko lituzke behar bezalako zaintza sistemak, ELAren aburuz: publikoa, unibertsala, doakoa, kalitatezkoa eta erantzunkidea. Horretarako, Lakuntzak borroka sindikalaren garrantzia azpimarratu zuen, zahar etxeetako langileen grebak adibide gisa jarriz.

LABeko ordezkariek “Ikusmiran 14” txostenean jasotako bost ondorioetatik bi nabarmendu zituzten prentsaurrekoan: zaintza arloko enplegua eta lan guztiak prekarioak direla, eta kapitalak zaintza lana eta enplegua baliatzen dituela aberastasuna metatzen jarraitzeko.

Azpimarratu zuten, langile prekarizatuak izanagatik ere, egiten duten lanak Hego Euskal Herriko barne produktu gordinarekiko %25,75eko pisua duela, eraikuntza sektoreak sortzen duenaren %4,20 eta industria sektoreak sortzen duenaren %17,19 baino nahiko altuagoa.

Halaber, LABek bere txostenean jaso duenez, erreproduktibotzat hartzen diren lan ez ordainduak soldatapekoak balira, 3.611.929.440 euroko kostua izango lukete Hego Euskal Herrian.

Egoeraren izaera «estrukturala» ere azpimarratu du txostenak. Izan ere, langabetuen %58,40 emakumeak dira; erdiak baino gehiago, alegia: «Langabezia emakumearen bizkar zamatzen ari dela ondoriozta dezakegu».

Andre langileen artean %23k dute behin-behineko kontratua; tasa gizonena baino ia sei puntu altuagoa da. Gainera, goranzko joera duen datua da, emakumeen kontratu partzialak %1 igo baitira iaztik hona. Halaber, emakumeen laurdenek dute lanaldi partziala, gizonezkoen %10 baino ez denean lanaldi mota horretan lanean ari.

SOLDATA ARRAKALA

LABen txostenak egiturazkotzat jo du, era berean, soldata-arrakala, «urtez urte iraun eta handitzen ari dena». Eskuragarri izan dituzten azken datuak 2021. urtekoak ziren eta orduan, gizonen batez besteko soldata emakumezkoena baino %17,76 altuagoa zen, «oso handia», sindikatuaren iritziz.

ELAk egin bezala, LABek ere salatu egin zuen azpikontratazioaren bidez egiten den pribatizazioa. Edurne Larrañagak aditzera eman zuen etxez etxeko zerbitzuan, esate baterako, azpikontratazioa dela nagusi. Jakitera eman zuen tokian tokiko udalen zerbitzua kudeatzeko modu honek kalte egiten diola ekintza sindikalari: «Langileon antolaketa zein eskubideen aldeko borroka egiteko are zailtasun handiagoa dago». Halaber, gogora ekarri zuen KPIaren araberako soldata eguneraketak ez direla ohikoak sektorean.

Horrez gain, Aranburuk azaldu zuen eredua «muturreraino» eramanda dagoela eta ez dela sostengatzen: «Jendarte osoaren kezka eta lehentasun izatera pasatzen ari da». Era berean, instituzioen «utzikeria» kritikatu eta egoera iraultzeko borondaterik ez agertzea leporatu zien: «Kalean bultzatuko dugu zaintzan egin beharreko eraldaketa».

Mitxel Lakuntzak eta Garbiñe Aranburuk, sindikatu bakoitzaren analisi eta proposamenen xehetasunak xehetasun, dei egin zuten datorren azaroaren 30eko greba orokor feministarekin bat egitera, zaintzaren aferari duen garrantzia aitortuta.