GARA Euskal Herriko egunkaria

Abiadura handiko trenaren zundaketak salatzeko mendi martxa eginen dute larunbatean Sakanan

AHTren kontra bizikletaz, Irurtzunen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Stop AHT Zundaketak ekimena osatzen duten taldeek larunbaterako mendi martxa antolatu dute, abiadura handiko trenaren proiekturako Sakanan egiten ari diren zundaketen kontra agertzeko eta herritarrei informazioa helarazteko. Atzo jakinarazi zuen plataformak mobilizazioa eginen duela, prentsari igorritako ohar batean.

Goizeko bederatzi eta erdietan abiatuko da martxan Lakuntzatik Arbizura, berriz ere Lakuntzara iristeko 14.30ean. Ibilaldi honetan, bi herri hauen artean AHTaren lanen barruan egin nahi diren zundaketak erakutsiko dituzte antolatzaileek.

Oharrean jakinarazten dutenez, lanen arduradunen asmoa 27 eta 209 metro arteko sakonera duten laginak egitea da eta lur publiko zein partikularrak erabiliko dituzte horretarako.

«Gainera, orain arte jasotako informazioen arabera, zenbaitetan zundaketa hauek modu irregularrean egin izan dituzte, legezko bermerik gabe, bidezko administrazio-prozedurak bete gabe eta kaltetuen bizkar», ohartarazi zuen Stop AHT Zundaketak ekimenak.

Plataforma osatzen duten taldeen iritziz, «berri larriak dira hauek», zundaketen kanpaina izanen baita abiadura handiko trenaren lanen hasiera. Beraien ustez, egitasmo hau «justifikaziorik gabeko proiektu antisozial, antiekologiko eta txikitzailea da», herritarrei «inolako mesederik» eginen ez dion «obra megalomanoa» eta gastu sozial «ikaragarria» ekarriko duena.

PROTOKOLOA MARTXAN

«Onartu ezin diren praktika horien aurrean, beharrezkoa da erne egotea», ondorioztatu zuen herri plataformak.

Horregatik, akordura ekarri zuten martxan dutela Sakanako hainbat herritan zundaketa hauen aurkako protokoloa. «Zundaketa baten berri izanez gero, lehenik eta behin, herriko Udalarekin kontaktatzea ezinbestekoa da, aholkularitza jaso ahal izateko», nabarmendu zuten.