GARA Euskal Herriko egunkaria

Kontseiluak «itun soziopolitiko baten premia» azpimarratu du

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak joan den larunbateko manifestazioak «aurreikuspenak gainditu» zituela adierazi zuen atzo, eta hizkuntza- politiketan sakontzeko «itun soziopolitiko baten premia» dagoela berretsi zuen. Oldarraldiari erantzuteko herritarrentzako protokoloa aurkeztu zuten.

Idurre Eskisabel eta Manex Mantxola, protokoloa eskuetan dutela. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Larunbatean egin zen euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia salatzeko manifestazioa Bilbon, 70.000 lagun inguru bilduz euskaldunen hizkuntza-eskubideen defentsan, eta atzo mobilizazio horren balorazio positiboa egin zuen Euskalgintzaren Kontseiluak.

Idurre Eskisabel idazkari nagusiak mobilizazioak «aurreikuspenak gainditu» zituela adierazi zuen eta eskerrak «maiuskulaz» eman nahi izan zizkien antolakuntza lanetan boluntario ibili ziren herritar guztiei.

Halaber, manifestazioaren ondorengo irakurketan egin bezala, «itun soziopolitiko baten premia» berretsi zuen Eskisabelek, hizkuntza-politiketan sakontzeko. Azaldu zuen astelehenean bertan ekin ziotela adostasunak bilatzeari, eta Kontseiluaren konpromisoa itun soziopolitikoa bideratzea izango dela.

Izan ere, idazkari nagusiak «uztai soziopolitikoaren zati handienak» manifestazioarekin bat egin izana txalotu zuen eta ondorengo pausoa akordioak sendotzea dela deritzo Kontseiluak: «Euskararen normalizazioa adostasun sozialak gainditzetik eta sakontzetik etorriko da».

Horretaz gain, botere judiziala interpelatu zuen Eskisabelek, eremu horretan hizkuntza-eskubideen gaineko gogoeta eta lanketa egin beharko litzatekeela iritzita; «sentsibilizazio eta kontraste lan bat», hain zuzen ere.

Erakunde publikoei ere zuzendu zitzaien, bi arlotan ekarpen handia egin dezaketela eta. Eskatu zien euskararen normalizazioaren kontrako epaiak datozenean auzibideak «azken bururaino» eramatea, «helegite bide guztia aurrera eramanez», batetik; eta hizkuntza-politika ausartak martxan jartzea, bestetik, «automurrizketarik gabe, ausart jokatuz».

Bestetik, eragile sozialak eta herritarrak ere interpelatu zituen eta eskatu zien euskararen normalizazioa «zeharlerroa izan dadila» bakoitzaren jardunetan: «Euskararen normalizazioak denok behar gaitu».

Kontseiluak ere jaso du jendarte zabalak joan den larunbatean Bilbon oihukatutako mezua eta ardura erantsi diotela azaldu zuen Eskisabelek. Euskaltzaleek agertutako «indar hori guztia ahalik eta ondoen bideratzeko» konpromisoa hartu zuen, Kontseiluaren izenean.

Hain zuzen ere, euskalgintzako eta beste hainbat sektoretako eragileekin elkarlanean ondu dute atzo aurkeztu zuten protokoloa, «oldarraldiari tokian-tokian eta batasunetik erantzuteko tresna».

PROTOKOLOA

“Oldarraldiaren aurrean hizkuntza-eskubideak babesteko protokoloa” izeneko dokumentua aurkeztu zuten prentsaurrekoan. Manex Mantxola Kontseiluko koordinatzaileak zehaztu zuen euskalgintzaren inguruan antolatuta lan egiten duten herritarrei zuzendutako tresna dela, «hizkuntza-eskubideen aurkako erasoen aurrean antolatu eta saretzeko balioko duena». Dokumentua Euskalgintzaren Kontseiluaren webgunean dago edonoren eskura, eta bertan argitaratuko dituzte eguneraketak, egongo balira.

Mantxolak azaldu zuen izaera irekia duela protokoloak eta beharren arabera egokituko dutela, erabiltzen hasi eta beharrezko izan ditzakeen zuzenketak identifikatutakoan: «Sutan jarrita probatzen da eltzea».

Sortu berri duten tresnaren xede nagusia erasoei erantzunak antolatuta eta saretuta ematea dela azpimarratu zuten, baita askotariko eragileak saretzea ere, haien arteko «harremana eta elkarlana hauspotuz».

Protokoloa ondorengo bi kasuetan aktibatzea aurreikusten dutela azaldu zuen Mantxolak: Arau, kontratazio edo deialdi bati hizkuntza-eskubideekin loturiko helegitea jartzen zaionean, kasuari jarraipena egiteko helburuarekin; eta hizkuntza-eskubideen edo euskararen normalizazioaren aurkako sententzia baten berri jasotakoan, erantzuna behar bezala prestatu ahal izateko.

Hizkuntza-eskubideak babesteko protokoloa aktibatu nahi izatekotan, Kontseiluari eman beharko zaio jazotakoaren berri eta eragileekin batera aztertu eta erabakiko dituzte eman beharreko pausoak, dela adierazpen bat, dela prentsaurrekoa, dela elkarretaratzea edo bestelako ekimenen bat, gertatutakoaren eta eragile bakoitza egiteko prest dagoenaren arabera, betiere.

Izan ere, askotariko eragileek jo dezakete Kontseilura protokoloa martxan jar dadila eskatzera eta, bakoitzaren konpromiso maila zein izaera bera desberdinak direla aintzat hartuta, bi ordezkariek argi utzi nahi izan dute Kontseiluak ez duela eragilerik behartuko «prest dagoena baino urrunago joatera».

Mantxolak azaldu zuenez, kasua edozein motatakoa dela ere, Kontseilua bera arduratuko da euskalgintzarekin, alderdi politikoekin eta sindikatuekin harremanetan jartzeaz eta, beharrezkoa izan daitekeenetan, baita euskarri eta baliabide desberdinak eskaintzeaz ere.

Printzipioz herritarrei zuzendutako tresna bada ere, Mantxolak jakitera eman zuen badaukatela erakundeekin lanketa egiteko asmoa.