A.U.L.
KOPA

Final zortzirenen bila lau talde, gaur eta bihar

Osasunak bi garaipen jarraian ospatu ditu.
Osasunak bi garaipen jarraian ospatu ditu. (CA OSASUNA)

Kopa bueltan da, atzo hasi eta bihar amaituko den hirugarren kanporaketarekin. Aurreko biak gainditu dituzten Eibarri eta Osasunari gehituko zaizkie Athletic eta Alaves, Reala zuzenean final zortzirenetan sartuko den bitartean, iaz Ligan aurreko zortzi postuetan geratu ziren gainerako taldeekin batera.

Osasunak Taxoaren jokatuko du bihar berriro. Duela urtebete Sportingen aurka kanporaketa honetan bertan lortutako garaipena gogoan dutela, gorritxoek Betis hartuko dute (19.00).

Tenerife eta AEM bidean utzi ondoren, talde nafarra une onean iritsiko da hitzordura, Ligan 1.RFEF maila exijentearen goialdean dauden taldeen erritmoari eusteko aukera eman dioten bi garaipen kateatu baititu. Aurrean Betis suspertua izango dute, lau porrot jarraian jaso ondoren, azken bi partidetan lau puntu lortu eta sailkapenaren erdialdera jauzia egin baitu talde andaluziarrak.

Baltsamikoa izan zen Alavesek DUXen aurka ospatutako garaipena, eta horren ondorioz jaitsiera postuekiko lortutako aldea. Gaur Cacereño bisitatuko du (19.00), 1. RFEF-eko azken sailkatua, txapelketa honek pizten duen ilusioarekin, baina baita Kopa nolabait gogaikarria bihurtzen duten kontuan hartu beharreko bi faktoreekin ere: zuri-urdinek egin behar duten bidaia luzea, asteburuan zein eta Deportivo liderra bisitatzeko egin behar dutenarekin lotuko dutena.

Aurreko kanporaketetan Europa eta La Solana gainditu ondoren, Eibarrek etxean jokatuko du oraingoan, igo berria denez, Kopan 1.RFEF-eko taldea balitz bezala parte hartzen baitu. Horregatik, Liga Fko aurkaria hartuko du gaur (19.00). Ondo ezagutzen duen talde bat, Liga hasiera bikaina egiten ari den Levante Las Planas denboraldiko lehen aurkaria izan baitzuten.

Ipuruatik hiru puntuak eraman zituzten Sant Joan Despikoek luzapenean sartutako gol batekin, eta Eibarrek mendekua hartzea espero du, Yerai Martinen esanetan «oso partida antzekoa, orekatua» izango den arren. Filialeko bi jokalari besterik ez ditu deitu entrenatzaile gipuzkoarrak: Ane Amutsategi eta Valentina Morales.

Hirugarren kanporaketaren koadroa Athleticek eta Granadak itxiko dute bihar (20.00, Teledeporte). Baliteke David Aznarrek, deialdian sartzeko, Sanadri bueltan izatea.

Sentipen kontrajarriekin ekingo diote neurketari zuri-gorriek: denboraldiko lehen garaipena andaluziarren aurka ospatu zuten, baina ez dute punturik lortu Lezamatik urrun. Granadaren egoerak beren alde joka dezake, sei porrot jarraian jasota eta jaitsiera postuetan izanda, burua asteburuko Ligako partidan izan baitezake aurkariak.