GARA Euskal Herriko egunkaria
PORNOGRAFIA ETA INDARKERIA

Erabaki ahal izateak ez du pornoa indarkeriatik libratzen, dio Delicadok

Giza Zientzietan eta Hezkuntzan doktorea den Lydia Delicadok ohartarazi zuen beharrezkoa dela eduki pornografiko «jakin batzuk debekatzea», grabatzen diren erasoetako asko errealak direla iritzita. Pornoan, baieztatu zuen, emakumeen baimenek edo erabakiek ez dakarte askatasunik, «morrontza sexual egoeran izateko askatasuna» ez delako existitzen, haren esanetan.

Lydia Delicado, Giza eta Hezkuntza Zientzietan doktorea, atzoko jardunaldietan egin zuen hitzartzean. (NAFARROAKO GOBERNU DELEGARITZA)

Eduki pornografikoaren ekoizpenari eta zabalkundeari neurri arautzaileak aplikatu behar zaizkiola defendatzen du Lydia Delicado Giza eta Hezkuntza Zientzietan doktoreak. Bere ustez, pornoaren barruan andreen «morrontza sexuala» gertatzen da, eta hori «ez da askatasuna», nahiz eta emakumeak horretarako baimena eman.

Iruñean emakumearen aurkako indarkeriari buruzko VI. jardunaldietan egin zituen adierazpenok atzo. “Hipersexualizazio kulturala, pornografia eta indarkeria sexuala gizarte digitalean” izena eman zion bere hitzaldiari.

Porno konbentzionalaz gain, eduki erotikoen eta sexualen salerosketan oinarritzen den Onlyfans plataforma ere mintzagai izan zuen Delicadok. Honen aburuz, beste zenbaitek diotenaren kontrara, sare sozial honek ez dio askatasunik eskaintzen edukiak publikatzen dituenari, izan ere, «sexualki mendeko izateko borondatea eta morrontza sexual egoeran izateko askatasuna ez dira existitzen», esan zuen. Bere iritziz, hori ezin da askatasun gisa jo, «nahiz eta zuk erabakia hartu», zehaztu zuen.

Genero gaietan aditua da Lydia Delicado. Eduki pornografikoak arautzeko beharra defendatu zuen Iruñean. Sarbidea mugatu behar dela esan zuen. Baina ez hori bakarrik, «eduki jakin batzuk» debekatzearen alde egin zuen, esanez grabatzen diren erasoetan asko ez direla simulazioak, baizik errealitatean gertatzen direla.

Hori, aipatu zuenez, agerian geratzen da pornografia-produkzioan lan egiten duten emakume batzuek aurkezten dituzten kalte fisiko -baginen barne urradurak aipatu zituen- eta psikologikoetan -disoziazioa, adibidez-.

PORNOAREN «TORTURA»

«Pornografiatik kanpo torturatzea indarkeria da, baina pornografiaren barruan zilegitasuna hartu du», esan zuen Delicadok, atzo Iruñean egin ziren jardunaldietan. Nabarmendu zuen, halaber, arazo nagusia dela pornografiaren ekoizpena adierazpen askatasunaren markoaren barruan babesten dela, eta, beraz, zaila dela mugak ezartzea.

Ohartarazi zuen pornografiak, neurri batean, «indarkeria legitimatzeko mezu» bat sendotu duela. Mota honetako edukietan emakumeen umiliazioa ohikoa dela segurtatu zuen, eta erasoak normalizatzen direla gaitzetsi zuen, sarri erasoen osteko erreakzioak «neutralak edo positiboak» izaten baitira.

«Arazoa da kontakizun iraunkor bat dagoela, gazteak sexu kontsumorako objektu direla erakusten ari dena, emakumeak gutxiagotzen laguntzen ari den gizatasun gutxiko kultura prozesu» baten bidez, adierazi zuen Giza eta Hezkuntza Zientzietan doktoreak.