09 NOV. 2023 AZKEN PUNTUA Nostalgia urratua Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria Zutabea bideratua nuen NAIZ Irratiak Jon Maia eta Silvio Rodriguezen kantua plazaratu duenean. Nostalgiaz, aitonaren jertseak utzitako usainari buruzko kantuan, jada gurekin ez daudenek utzitako hutsuneaz ari dira bi autoreak. Iragan astean, ama eta biok hilerrira aitari loreak uztera gindoazela, ezin nuen burutik kendu aita hil berri zaion laguna. Goizegi joan den horietakoa da, oraindik hiltzea ez zegokion horietako bat. Nolabaiteko bakea eman nahi nioke, denborarekin minak eta amorruak tristurari eta tristeziak nostalgiari paso emanen diotela esanez. Hemendik aurrera «Erroko Joan Mariren alaba» izanen da Nerea. Norbaiten alaba zarenean, zu ez zarenean, haren alaba baizik, zeure nortasuna kendu beharrean, baldintza horrek zerbait ederra ekartzen dizu. Eta denborarekin, zure identitatea aberastuko du aitak utzitako denak. Hargatik suertatzen da horren mingarria hamar minutuero haur bal hiltzen ari diren tokian, alegia, Gazan, jazotzen dena. Palestinan erabat urratzen ari dira identitateak, inoren seme-alaba izanen ez diren haurren hilketa etengabea ezin geldituz. Gazari edozein nostalgia aukera kentzen ari zaio, inoren seme-alaba izanen ez diren hildako haurrek eta guraso izateari utzi behar dioten milaka bihotz urratuk osatutako zerrenda amaigabea utziz.