GARA Euskal Herriko egunkaria

Zazpi urteko haurraren hilketaren ondoren egindako elkarretaratze isilak dolua eta salaketa bildu ditu Lizarran

Lagun asko batu ziren, atzo, Lizarran egindako elkarretaratzera. (Iñigo URIZ | FOKU)

Atzo, dolua hasi berritan, Lizarrara batu ziren hainbat lagun, elkarretaratze isil batekin Urbasa inguruan hilik topatu zuten zazpi urteko haurraren hilketa salatu eta haren familiari sostengua adierazteko.

Haurraren aitaren gorpua leku berean topatu zuten, eta autopsiak egiaztatu zuen aitak hil zuela umea, hari helduta amildegitik salto eginda. Hilketaren zioak ikertzen ari da Espainiako Berdintasun Ministerioa, baina indarkeria bikarioko kasua izan dela dio hipotesi nagusiak. Hala balitz, 2003az geroztik indarkeria matxistak Euskal Herrian hil duen 12. haurra litzateke.

Horregatik, Emakumeen Mundu Martxak (EMM) abian jarri zuen atzo hilketa matxisten kontrako protokoloa, eta elkarretaratzeak deitu ditu gaur arratsaldean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. «Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo politikotzat hartu dadila eskatzen dugu», eskatu zuen EMMek ohar batean.

«BIDE GUZTIAK»

Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko eledunak ez zuen krimena biolentzia bikarioarekin lotu nahi izan, baina senideei laguntza emateko «bide guztiak» aztertzeko prest agertu zen.

Lizarrako EH Bilduk, kontrara, indarkeria bikarioarekin lotu zuen hilketa. Foru Legea aldatzeko eskaera ere egin zuen, eraso mota hau indarkeria matxistatzat hartzeko.