AMAIA EREÑAGA
BILBO

«Euskal Herria B»-n, Sestaon, hasiko du Jon Maiak «Kantu berri bat gara»-ren bira

«Kantu bat gara» ikuskizunarekin urte eta erdian 40 bat kontzertu eman ostean, bueltan dator Jon Maia «Kantu berri bat gara» (Elkar) disko-liburuarekin, bere proiektu pertsonalenaren eta, aldi berean, kolektiboenaren bigarren urratsarekin. Zuzenekoen bira abiatzeko aukeratu duen tokia erabat sinbolikoa da, Sestaon emango baitu, abenduaren 17an, lehen emanaldia.

Jon Maiak Kafe Antzokian eman zion irteteko seinalea birari.
Jon Maiak Kafe Antzokian eman zion irteteko seinalea birari. (Oskar MATXIN | FOKU)

Bilboko Kafe Antzokia aukeratu zuen atzo Jon Maiak “Kantu berri bat gara” (Elkar) disko-liburua jendaurrean aurkezteko. Ez zen ohiko prentsaurrekoa izan, bertsolari honek bere lanei ematen dien transzendentzia eta emozio ukitu hori senti zitekeelako; jende ugari bildu zuen bere inguruan -Otxarkoagako auzokideak, Itziar Ituño, Euskal Herriko manteroen presidentea, musikariak, euskaltegietako ikasleak, Jose Angel Iribar mitikoa...-, eta ez da harritzekoa: «Nik esango nuke -aitortu zuen- hau nire lanik handiena dela. Lan global bat, lan integral bat, fronte asko dituena. Ez da bakarrik kantu batzuk grabatu eta cd bat ateratzea, hori baino askoz gehiago da».

Hau bere proiektu pertsonalena da, beraz. Eta, era berean, proposamen kolektibo bat. Bi adar ditu: disko-liburua -salgai dago eta plataformetan entzungai- eta zuzenekoak. Data batzuk iragarri zituen atzo: lehen emanaldia Sestaon izango da, abenduaren 17an -sarrerak salgai daude jada-; gero, urtarrilaren 12an Eibarko Coliseo antzokian egongo da; 19an, Legazpin; 20an, Mungian; eta otsailaren 9an, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Martxoaren 23an, Bilboko Euskaldunan. Momentuz horiek dira lotuta dituzten datak.

«Abiapuntua ‘Bereterretxen kantoria’ da, ezagutzen dugun euskal kanturik zaharrena, XV. mendearen hasierakoa. Eta nola da posible orain dela 600 urte norbaitek Zuberoako borda batean sortuko zuen kantu horrek, mendez mende, belaunaldiz belaunaldi eta lurraldez lurralde 600 urteko bidaia bat egitea?», aipatu zuen. «Ze miraria den hori, ze kate erraldoia, ze katedrala ahozkotasunera menderik mende eraiki duguna euskaldunok».

Bidaia horrek XXI. mendeko Euskal Herrira ekarri gaitu. «Bada beste Euskal Herri bat/ ez dena gure kantu zaharretan agertzen/ ez eta egutegietan ere/ ez dena kondairetan aipatzen (...)», dio “Euskal Herria B” abestiak. Hain justu horixe bera aldarrikatzen du: «Gure biziraupenaren sekretua kantu horren bidaian dago. Erdal eremuetan euskaraz bizi nahi duen herri horretan, erdal eremuetan euskara ikasten duen jende horretan, erdal eremuetan gure identitate berria eraikitzen ari den jende horretan». Horiek osatzen dute immigranteen seme honek aldarrikatzen duen “Euskal Herria B” hori: «Etengabe berritzen ari garen kantua gara, horregatik gaude bizirik. Ez garelako fosil bat», zioen.

Olerki-manifestu batekin hasi eta hamalau kantu lotu ditu diskoan. Gonbidatuen artean, Silvio Rodriguez. Kubatarra euskaraz kantatzen jarri du: «Ametsak betetzen dituen haur bat bezala sentitzen naiz», aitortu zuen. «77 urterekin, mundu mailako pertsona batek ahalegina egitea euskaraz kantatzeko, gurea bezalako hizkuntza txiki batean, eta ni bezalako ezezagunarentzat, niretzat da eskuzabaltasun ariketa bat, zirraragarria da», aitortu zuen.