Iraitz MATEO
EUSKAL HERRIKO IZAKI MITOLOGIKOAK

Izaki mitologikoak gal ez daitezen, haurrentzako gida

Aritza Bergara idazleak «Izena duen guztia omen da. Euskal Herriko izaki mitologikoak» plazaratu berri du. 29 izaki jasotzen dituen haurrentzako liburua interaktiboa, irudiak eta bideoak tartekatuta. Azaroaren 18ra bitarte GARAko harpideek eskaintza berezia izango dute, NAIZ dendan eskuragarri.

Liburuan jasotzen diren pertsonaietako batzuen ilustrazioak eta argazkiak. Eskuz, panpinez zein adimen artifizialaren bidez egindakoak.
Liburuan jasotzen diren pertsonaietako batzuen ilustrazioak eta argazkiak. Eskuz, panpinez zein adimen artifizialaren bidez egindakoak. (GARA)

Izena duena bada dio antzinako euskal atsotitz batek, eta Aritza Bergarak izate hori euskal mitologiara eraman du. Ibilbide luzea egina da idazlea mitologiako bideetan barna, hamaika pertsonaia ezagutu eta hamaika abentura bizitakoa. Kasu honetan, ordea, irakurle jakin bat izan du buruan idazterakoan: haurrak. Eta, ondorioz, beraiei egokitutako liburua ondu du. Haurrei 29 pertsonaia aurkeztea du helburu kaleratu berri duen “Izena duen guztia omen da, Euskal Herriko izaki mitologikoak” lanak. Bergarak hutsune bati erantzun nahi zion liburu berri honekin, eta «mitologiaren hazia haurrengan txertatzeko» beharrak eta ilusioak bultzatuta argitaratu du liburu ilustratua, ‘Eguzkilore Liburuak’ bilduman.

Marik egindako gonbita jasoko du irakurleak lehen orrialdetik: «Kaixo lagun, ongi etorri euskaldunen mundu magikora. Mitologiari buruz jakin nahi duzu? Jainkoak eta mitologiaren parte diren beste izakiak ezagutu nahi dituzu?… Ados ba, orduan hau da zure lekua, gustura erakutsiko dizugu hementxe bilduta dugun herriko jakintza, amarengandik alabarengana helarazitakoa. Has dadila bidaia!».

Irakurlea bidaian barneratuko da berehala, eta horretarako hiru modu nagusi izango ditu orrialdez orrialde. Izan ere, lehendabizi, pertsonaiaren izena eta bere ilustrazioa ikusiko du irakurleak, Aritz Garciak marrazturik. Ondoren, pertsonaiaren deskribapen laburra jasotzen du liburuak, pertsonaia bakoitzaren inguruan gehiago jakiteko, eta ondoko orrialdean argazkia izango du. Eta argazkiarekin batera, QR kode bat. Mugikorrarekin QR hori irakurriz gero, bideo batera jauzi egingo du irakurleak, eta ikus-entzunezko baten bidez ikusiko ditu aukeratutako pertsonaiaren inguruko xehetasun guztiak, haurren jakin-mina asetzeko.

MITOLOGIAREN ALTXORRA

Euskal Herriko mitologia «altxor bat da» idazlearen ustez, eta belaunaldiz belaunaldi igaroko den transmisioari berebiziko garrantzia ematen dio: «Zaharrak hiltzen badira, kondaira, sinesmen eta erritu guztiak galduko dira; baina gure haurrek oraindik magia horretan sinesten dute». Eta Bergarak bere aletxoa jarri nahi du magia horrek eta belaunaldien arteko jakintza horrek luzaroan iraun dezan.

«Gure mitologia da, ezaugarri oso garrantzitsu bat da gure herrian, eta bada munduari begiratzeko beste modu bat ere. Ez hobeagoa, eta ezta okerragoa ere; beste modu bat. Nik uste dut euskaldunok horri eutsi behar diogula. Mitologia bizirik mantentzeko, haurrekin eta gazteekin landu behar dugu», adierazi du ilusioz.

Hutsune bat ikusirik hasi zen Bergara liburu honekin lanean, eta egun liburuen formari ere hutsune bat ikusten ziolako erabaki zuen liburu interaktibo bat egitea, bizi garen garaira hurbiltzeko modua izan zitekeela pentsatuz: «Azken boladan entzuten ari gara gazteek gero eta gutxiago irakurtzen dutela, gero eta denbora gehiago pasatzen dutela pantailen aurrean. Formatua aldatu behar genuen, beraz; ilustrazio bat ikustea polita da, baina pertsonaiak bizirik ikustea magia da». Eta horretarako sortu zituzten bideoak, nolabait magia hori bizirik mantentzeko. Liburuaren berezitasun nagusia interaktiboa dela da, eta webgune bat ere sortu dute propio libururako, bideo guztiak jasotzen dituena. Idazlearen ustez, ikastetxeetan euskal mitologia lantzeko tresna aproposa izan daiteke.

Baina esperimenturako tartea ez du bideokin bakarrik izan Bergarak, izan ere, teknologia berriek sortutako zenbait tresnekin ere jolasean ibili da, adimen artifizialarekin hain zuzen ere. Esan bezala, pertsonaia bakoitzak bere argazkia du, baina baziren pertsonaia batzuk beren argazkia lortzea ezinezkoa zena, ez antzerki bidez, ez goma-aparrarekin egindako panpinen bidez. Bat-batean bururatu zitzaion idazleari adimen artifizialaren bidez irudiak osatzen dituen programa batean pertsonaia mitologiko bakoitzaren ezaugarriak sartzea, eta horrela lortu ditu orain arte argazkietan inoiz ikusi ez ditugun pertsonaiak. Horren adibide dira Etsai, Maide edo Mirokutana.

MARI ETA BESTE 28 IZAKI

Liburuaren bigarren orrialdean Euskal Herriko mapa dago, eta bertan pertsonaia bakoitzaren ilustrazioa topa daiteke gutxi gorabeherako bere bizitokiaren gainean; leku finkorik ez dutenak eta batetik bestera ibiltzen direnak, maparen inguruan kokatu dituzte.

Orotara 29 pertsonaia mitologiko jasotzen dira liburuan, eta, aukeraketari dagokionez, zabala izan dela kontatu du Bergarak. «Batzuk sartu beharrekoak zirela argi nuen. Oso ezagunak dira, eta horrelako lan batean bai ala bai egotekoak», azaldu du. Eta beste batzuk ezagutarazteko ere baliatu du: «Mateo Txistu, Mikolasak, Mirokutana… ez dira hain ezagunak, baina ezagutaraztea garrantzitsua da». Eta beraz, ezagunagoak direnetatik hasi eta horren ezagunak ez direnen berri ere ematen du liburuak.

Lau ataletan banatuta dago kaleratu berri den liburua. Naturako lau elementu hartu ditu idazleak zutabetzat, eta horrela multzokatu ditu pertsonaia guztiak, Mari salbu. Marik aurkezten dituenez, berak ezin zuen multzo baten barruan egon.

Lurraren atalean bildu ditu Amalurra, Basajaun eta Basandrea, Behigorri, Galtzagorriak, Gizotso, Jentillak, Mikelats eta Atarrabi, Mikolasak, Olentzero, Sugaar eta Tartalo. Haize da hurrengo atala eta hor daude Erio, Etxejauna, Gauargia, Gaueko, Inguma, Lanaide, Mateo Txistu eta Ortzi. Urarena da multzo txikiena, lau pertsonaia besterik ez baititu biltzen: Arrainandere, Lamina, Maide eta Traganarru. Eta azken atalean, Sua atalean, aldiz, Akerbeltz, Etsai, Herensuge, Mirokutana eta Sorginak daude.

IBILBIDE LUZEA

Aspalditik landu du mitologiaren gaia Bergarak, eta proiektu honek ere sustraiak aspaldidanik dituela aipatu du. “Mitologika” liburu sorta ezaguna da Bergararen lanen artean; 2001ean argitaratu zuen liburu bateko ilustrazioak oinarri hartuta, Irurtzungo Iskiden Elkarteak pertsonaia mitologiko horien panpinak egin zituen. Panpinak baina, ez dira geldirik dauden goma-aparrazko pertsonaiak. Gaur egun, Euskal Herrian kalejirak egiten ibiltzen dira. Bergarak kontatu du bera ere kalejira horietara hurbiltzen dela sarritan, eta pertsonaien istorioak kontatzen ibiltzen dela beraiekin batera.

Panpina horiek eginda zeudenez, Bergarak proposamen bat egin zien Iskiden Elkartekoei: “Euskal Herriko mitologia gentilen aztarnen atzetik” liburuari laguntzeko, panpina horiekin bideo batzuk grabatzea, bakoitzaren ezaugarri nagusiak kontatuz. Garai hartan, CDrom formatuan atera zituzten bideoak, liburuarekin batera. 2023ko formatuetara egokitu, eta berriro ikusgarri daude bideo horiek.

LIBURUA ESKURAGARRI JADA

Labetik atera berri da “Izena duen guztia omen da. Euskal Herriko izaki mitologikoak” liburua, eta GARAko harpidedunek eskaintza berezia izango dute azaroaren 18ra bitarte. NAIZ dendan ere eros liteke jada.

Hurrengo geltokiez galdetuta, Bergarak dio Durangoko Azoka izango duela Mari pertsonaiak hurrengo txanda. Ondoren, aurkezpenak egiteko asmoa dute abendu aldera. Bi toki behintzat buruan dituzte: Irurtzun eta Sestao. Eta modu batera edo bestera, Euskal Herrian zehar 29 pertsonaia hauek eta beraien jakintza zabaltzea espero du idazleak; belaunaldi berrietara heltzea, transmisioa bermatu behar baita, irautea nahi izanez gero, behintzat.