GARA
IBARRA

UEMAren deia: «Arlenys, Haider, Aimar eta Aya euskaldunak dira»

Euskarak kolore asko dituela gogoratu nahi du UEMAk kanpaina berrian. Sustraiak beste herrialdeetan izan arren, gurean errotu diren hainbat euskaldunen eskaritik sortu da atzo Ibarran plazaratu zuten «Egin nirekin ere euskaraz!» ekimena, aurreiritziei kontra egiteko.

UEMAk «Egin nirekin ere euskaraz!» kanpaina berria aurkeztu zuen, atzo, Ibarran.
UEMAk «Egin nirekin ere euskaraz!» kanpaina berria aurkeztu zuen, atzo, Ibarran. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Euskaldunak dira Arlenys, Haider, Aimar, Aya, Nora, Sefora, Miruna, Randy, Ekhi, Hanna, Anastasia, Andriy, Zunnurain, Lassana, Abdallah, Alaia, Rayan eta Leen, UEMAk atzo Ibarran aurkeztu zuen «Egin nirekin ere euskaraz!» kanpainari aurpegia jarri dioten lagunak.

Senegalen, Dominikar Errepublikan, Saharan, Pakistanen, Ukrainan, Marokon, Ekuadorren eta Euskal Herrian jaio dira, besteak beste. Bizi, berriz, Ondarroan, Leitzan, Ibarran, Zestoan eta Zaldibian bizi dira, baina gainerako udalerri euskaldunetan ere badira beste dozenaka Abdallah, Leen eta Arlenys, zorionez.

Urdua, arabiera, mandinga, kitxua, ukrainera, gaztelania edota euskara jaso dute etxean. Euskara, zehazki, lehen hizkuntza da batzuentzat, bigarrena besteentzat, eta baita hirugarrena ere zenbaitentzat. Hala ere, euskaraz aritzen dira eskolan eta lagunartean. Askotan, ordea, erdaraz hitz egiten diete gainerako herritarrek. Eta ez zaie gustatzen. Euskaldunak direlako.

«ZUBIA UKATZEN DIGUTE»

Kanpainako bideoetan hala adierazi dute protagonistek: «Badakigu euskara dela zubirik ederrena, eta euskara ukatzen diguten bakoitzean zubia ere ukatzen zaigu». Horregatik, beraiekin ere euskaraz egiteko eskatu nahi diete gainerako herritarrei. «Euskara ukatzen digutenean, bertakoa izatea eta sentitzea ere ukatzen digute, nahi gabe izan arren».

Kanpainan parte hartu duten 16 gazteen izenean, Aimar Toma, Anastasia Tsera eta Andriy Tsera ikasleak izan ziren ekitaldian. Sustraiak errumanian ditu eta errumaniera du lehen hizkuntza Zaldibian bizi den Tomak. Anastasia Tsera eta Andriy Tsera, berriz, ukrainarrak dira, ukrainera dute lehen hizkuntza, eta Ibarran bizi dira. Tserak hala azaldu zuen: «Nire larruan bizi izan dut errealitate hau. Ukrainan jaio arren, Ibarran errotutako euskalduna naiz. Askotan, ordea, jendea gaztelaniaz hitz egiten hasten zait. Leku askotan gertatzen da: herriko dendetan, autobusean, kalean... Euskara ukatzen digutenean, zeharka, ez garela hemengoak esaten digute, eta ez zait batere gustatzen».

AURREIRITZIEN INDARRA

Aurkezpenean izan ziren Martin Aramendi UEMAko lehendakaria, Nagore Zubillaga Ibarrako zinegotzia, Eider Amundarain Zaldibiako Lardizabal herri eskolako zuzendaria eta Aitor Bengoa Ibarrako Uzturpe ikastolako zuzendaria ere.

Aramendik esplikatu zuen kanpaina honen abiapuntuan Zaldibian hasi zen “Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan” egitasmoa dagoela. «Bertako ikasleen herena kanpoko herrietatik etorritako gurasoen seme-alabak dira, eta eskolak behar handia ikusi zuen horien gurasoengana heltzeko, haien kulturak errespetatuz, baina euskara erdigunean jartzeko beharra ere nabarmenduz». Egitasmoa beste zenbait herritara zabaldu dute azken bi ikasturteotan, eta egundoko eragina eta oihartzuna izaten ari da.

Hala ere, oraindik, herri batzuetatik kezkaz esaten diete aurreiritziek indar handia dutela, eta etorri berrien seme-alabei, askotan, gazteleraz egiten dietela herritarrek, euskaraz jakin arren.

Kanpainaren irudietan ikasleak agertzen badira ere, euskara ikasi duten heldu askok eskatzen dute euskaraz egiteko, mesedez. Hori nabarmendu nahi dute, euskaraz egiteko gogoa dutela eta horretarako aukera eman behar diegula herritar guztiei.

Ildo berean mintzatu ziren kideak. Amundarainek kontatu zuen aurreiritziei erantzuteko beharra ikusi zutelako jo zutela UEMAra, zenbait herritan egoera bera bizi zutelako euskaldun askok.