Eli PAGOLA
Bertsolaria
JOPUNTUA

Adierazi zure deiaren arrazoia

Jende askorekin hitz egin eta koordinatu beharra dakarten prozedurek nagia eragiten didate. Horregatik poztu nintzen hainbeste Maitaneren larruan tokatu ez izanaz Internetekin sortu zaion arazoaz hizketan ari zela. Gehiengoak dugun diagnostiko gaitasuna du berak ere; «lehen Internet zuen eta orain, ez». Ebazpen-maila ere, ekuazioaren zailtasunekoa; «ondorioz, konpainiara deitu dut». Orduantxe hasi zen Maitaneren odisea. Konpainiara deitu zuen eta egiazko emakume batena bikain imitatzen zuen ahots baten galderak ahalik eta garbien ahoskatuz erantzun ondoren -«ez dut In-ter-ne-tik», «bai», «bai», «ez», «ez dut In-ter-ne-te-ra ko-ne-xi-o-rik»-, operadore batengana bideratu zuen. Une horretan operadore guztiak okupatuta, nola ez. Une horretan eta baita deitu zuen beste hiruzpalau alditan ere.

Amore emateko ez, nonbait, eta deika jarraituta, lortu omen zuen operadore baten arreta. Baina hori ez zegokiola bere sailari eta deia birbideratuko omen ziola. Vivaldi. Beste hizkera bat duen operadoreak, ea routerra itzali eta pizteko ahalegina egin zuen. Itzali eta pizteko berriz, badaezpada. Kasu horretan, tekniko batek ikuskatu beharko zuela, deituko ziotela egunean zehar. Egunean zehar dioenak hurrengo egunean dio, baina, tira, horri ez zion garrantzirik eman lagunak. Ahal izan zuten eguna adostu eta hantxe, goizeko bederatzietan traste txiki horri begira. Abisua pasa ziotenean adierazi ez zioten zerbait zuela-eta zentralera eskaria egin behar zuen teknikariak, hurrengo astean etorriko omen zen bueltan. Astebetetik gora daramala deskonektatuta, hori guztia purrustada egiteagatik ari zela kontatzen aitortu zuen, beragatik balitz, bulegoko atea jotzera joango litzatekeela, baina nola? Non dagoen ere ez daki eta!

Zerbait gertatzen denean nora jo jakin ezinik geratzen gara zerbitzuak deszentralizatuta ditugulako, deszentralizatuta dauden enpresen bezero garelako. Batzuetan, gero eta gehiagotan, ez dugulako beste aukerarik; baina alternatibak badaudenetan zer?