GARA Euskal Herriko egunkaria
F LIGA

Eibarrek ez zuen gaitasunik izan Atleticoren nagusitasuna ahultzeko

Madrildarrak azkar aurreratu ziren eta bigarren zatian borobildu zuten emaitza. Eibar saiatu zen, baina ia ez zuen etxekoen area zapaldu ere egin.

Ajibadek oso lanpetuta izan zituen Eibarko atzelariak; argazkian, Noko Matlourekin. (SD EIBAR)

Eibar esku-hutsik itzuli da Madriletik. Atletico jaun eta jabe izan zen partidan eta, gainera, markagailuan aurrea hartuz zortea izan zuen hasi eta berehala. Erreakzionatzeko denbora bazegoen, baina armaginek ez zuten gaitasunik izan. Aurkaria ezin gelditu izanaz gain, ia ez zuten area zapaldu eta apenas bi jaurtiketa bidali zituzten hiru zutoinen artean, biak arriskurik gabeak.

Aste zuria izan duen aurkariak ez bezala, Eibarrek asteazkenean 120 minutuko Kopa kanporaketa jokatu ondoren ekin zion neurketari. Hamaikakoan nabaritu zen, Carlak, Caminok eta Eiderrek bakarrik errepikatu baitzuten. Taldeak antz handiagoa zeukan astebete lehenago Real Madrilen kontra aritu zenarekin, baina armaginek orduan atea salbu mantendu zuten azken txanpara arte eta atzo, aldiz, partida hasi orduko jaso zuten lehen gola; ustekaberik gabe egileari dagokionez, hirutan jokatu baitu Sheilak Eibarren kontra -bi Vila-Realekin eta bat, atzokoa, Atleticorekin- eta hirutan egin baitio gola.

Zuri-gorrien nagusitasuna erabatekoa izan zen. Aukera garbi larregi ez zuten fabrikatu; nahikoak, ordea, atsedenaldira markagailua alde izanda heltzeko. Baina Ajibadek, bere taldeko aurrelari tematienak, sasoi ezin hobean dagoen Mirallesekin egin zuen topo pare bat aldiz eta hirugarren saiakeran aurrelari nigeriarra bera izan zen gola sartzeko aukera paregabea zeukanean huts egin zuena.

Ez zuen ondorio handirik ekarri, Atleticok bigarren zatian partida erabaki baitzuen. Erosotasunez, nahiz eta gipuzkoarrak pare bat aldiz luzatu eta areara heldu ziren. Eva Navarrok aldea handitu zuen amaitzeko hogei minutu falta zirela eta Sheilak berriro asmatu zuen luzapenean behin betiko 3-0ekoa sartuz.

Porrotak egoera larrian utzi du Eibar, bi talde besterik ez baitauzka azpitik. Datorren larunbatean sekulako garrantzia duen partida jokatuko du, Sporting azken sailkatuaren bisita hartuko baitu Ipuruan.

LEZAMA

Athleticek emango dio amaiera 8. jardunaldiari gaur, Lezaman Madrilen kontra jokatuko duen partidarekin (18.30, DAZN).