GARA Euskal Herriko egunkaria
2023KO BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Xabat Galletebeitiak lortu DU finalerako lehen aulkia

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa Berrizen jokatu zen atzo, eta Xabat Galletebeitiak eskuratu zuen finalerako txartela, atzoko saioan 616,5 punturekin nagusituz. Bigarren Gorka Pagonabarragak egin zuen, 604 punturekin. Eneko Abasolok, 25 urtean baino gehiagoan txapelketetan ibili ostean, horiei agur esan zien.

Bilboko finalean kantatuko du Xabat Galletebeitiak, Berrizeko saioa irabazita. (Raul BOGAJO | FOKU)

Berrizeko Olakueta pilotalekuan jokatu zen atzo 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen finalaurreko saioa. Abenduaren 16an Bilboko finalean kantatzeko txartela Xabat Galletebeitiak eskuratu zuen, 616,5 punturekin.

Txapelketa hasi zenetik nabaria zen, baina bertso gosez jarraitzen dute bertsozaleek, pilotalekua 550 lagunek bete baitzuten atzo. Bertsolariei ere kanturako gogoz sumatu zitzaien, eta susmoak argitzeko hasierako agurretako aurkezpenak lagungarriak izan ohi dira. Guztiek adierazi zuten ahalik eta hobekien egiteko gogoa, eta begirada finalean jarri zuten. Itxaro Juaristi gai-jartzailearen esanetara aritu ziren sei bertsolariak kantuan.

Zortziko txikian lehertu zen pilotalekua, Altzerrekak eta Galletebeitiak asmatu baitzuten azken tantoekin. Bikotekideen gorputzean jarri zituen gai-jartzaileak, Altzerreka udal hauteskundeetan alkatetzarako aurkeztu zen, boto zenbaketa amaitu, eta bakarra izan zen jasotako botoa. Udaletxean ezetz baina beraien etxean bera dela alkate kantatu zuen Altzerrekak, eta Galletebeitiak erantzun: «Kontrakoa esango/ banizu akabo/ argi da gure etxean/ ni ez naiz Arnaldo/ lehen zalantza zeneukan/ orain argi dago/ inork ez zaitu maite/ nik baino gehiago». Eta hori ere garbi errematatu zuen Altzerrekak, munduan nartzisista asko dagoen arren, berak bere burua baino gehiago inork ez duela maite esanez.

UMOREZ ETA HAUSNARTUZ

Pagonabarragak eta Abasolok osatutako hamarreko txikia ere ederra izan zen. Abarkas gazteak gaztetxea okupatu berri zuen beste zenbait kiderekin batera, eta Pagonabarraga auzokidearengana joan da beraien proiektua azaltzen duen eskuorria ematera. Lehen bertsoan gaztearen aurkezpen sinesgarria egitea lortu zuen: «… ez dakit egon behar/ zaren gugaz ados/ baina gure burua/ aurkeztera gatoz». Elkarrizketari amaiera oso fin eman zion auzotarrak: «...auzolana noiz dago/ esan mutikoa/ konpondu ezazue/ zuen garitoa/ bajatuko dizuet/ urdaiazpikoa».

Ganbarako gaia esaterakoan tentsioz beteriko isiltasuna sortu ohi da, eta hala ahoskatu zuen Juaristi gai-jartzaileak: Inoiz ez zaizu zilegi iruditu, orain asko maite duzun norbaitek egin du. Bide oso ezberdinak jorratu zituen oholtzako seikoteak, eta nork bere alea utzi zuen. Abasolo politikagintzako iruzurren eta boterearen inguruan mintzatu zen, Gezuragak Ertzaintzara sartuko diola esan dion lagunari kantatu zion, bigarren bertsoan bere iritzia plazaratuz: «...zu amets baten bila joan zara/ a priori ez du gaitzik/ Arkauten ez da ametsik lortzen/ ameslariak jo baizik».

Pagonabarragak taberna batean lan egiten zuen eta kaleratua izan denaren paperetik kantatu zuen; Galletebeitiaren lagun minak sexu-eraso bat egin zuen eta horretaz aritu zen. Kontakizun zehatz horretatik abiatu, eta hausnarketa zabalagoarekin itxi zuen: «Munduan bada hainbeste jende/ nork norentzako nor noren mende/ liseritzeko ia bi mende/ nahiago lagun gu ez bageunde/ teorikoki dena argi dugu/ ertz edota erliebe/ gero gizonok lagun artean/sentitzen gara errege/ zilegitasun gutxi daukagu/ ze aldarri, ze botere?/ Ez badiogu utzi nahi pixa/ tente egiteari ere».

Etxebarriazarragak, berriz, Olentzero gurasoak direla esan dion aitaren paperetik kantatu zuen.

25 urtez txapelketetan ibili ostean, azken agurra horiei agur esateko baliatu zuen Abasolok: «...adiorik ez, ikusi arte/ plazer handi bat izan da». Bera bezainbat hunkitu zen bertsozalea, eta txalo zaparrada batekin eta animozko txistuekin agurtu zuten.