GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Galdu arren, Bilbao Basketek gogor estutu du Real Madril

Bilbotarrek ezin izan zuten ACB Ligan duten bolada txarra eten, baina 84-87 galdu arren maila duina eman zuten. Saski Baskoniak 108-95 huts egin zuen Obradoiroren kantxan bi luzapenen ondoren.

Tsalmpouris saskia birrintzeko unean, bilbotarren jokaldi on bat eta gero. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Surne Bilbao Basketek segidako laugarren partida galdu zuen atzo, baina atzo erakutsi zuen maila mantentzerik balu, laster etengo du bolada txar hori. Real Madril oso estu hartu zuten beltzezko gizonek, eta azken emaitza 84-87 izan bazen ere, ezin esan dakieke ezer Jaume Ponsarnauren mutilei.

Bilbotarren lana dela-eta, Real Madrilen izarrek ezin izan zuten ia atsedenik hartu. Batik bat, Kullamae, Melwin Pantzar eta Sacha Killeya-Jonesek egindako neurketa bikainak Chus Mateo bere jokalari onenak zukutzera behartu zuen, Facundo Campazzo batez ere. Izan ere, antolatzaile argentinarra izan zen neurketa madrildarren alde azken tartean jarri zuena; ez bakarrik 21 puntu, 7 errebote eta 7 asistentzia lortu zituelako, baizik eta bizkaitarrak 43-57 galtzen izatetik 72-68 irabaztera pasatu eta gero, haien atzetik aurrerako lana etetea lortu zuelako.

Aurreneko laurdenean ACB Ligako eta Euroligako liderrak partidan jaun eta jabe izan ziren, hirukoetan asmatzen baitzuten eta defentsan ezertan ez baitzieten uzten etxekoei. Baina Pantzar, Killeya-Jones eta Kullamaeren etorriak, baita tarteka Tsalmpourisek erakutsi zuen kemenak ere, neurketa berdindu zuten atsedenaldia baino lehen. Aldageletara 33-36 joan ostean, madrildarren hirugarren laurden bikaina egin eta 43-57 aldea zabaltzea lortu zuten.

Ez zuten etsi bilbotarrek azken laurdena iritsi zelarik, eta lan nekaezin horri esker neurketa berdindu ez ezik, buelta ere eman zioten. Are gehiago, Real Madrileko entrenatzaile Chus Mateo desesperazioak ere jo zuen eta falta teknikoa adierazi zioten epaileek bere kexa eta espantuak zirela-eta. Hala, Kullamaek bilbotarrak aurretik jarri zituen, lau metrotik eta jaurtiketa libreen marratik hutsik inola ere egin gabe: 72-68.

Tamalez, Campazzoren lan bikainak Real Madrilen alde irauli zuen markagailua. Berak sartu zuen hiruko batek eta Hezonjari hirukoa sartzeko opari egin zion asistentzia batek neurketa 77-83an jarri zuen. Bilbao Basketek azken ahalegin bat egin zuen, baina orain arte inork ere egin ezin izan duen hori, hots, Real Madrili irabazterik, ez zuen izan.

BASKONIAREN PORROTA

Bestetik, Koparako sailkatzea okertzen hasi zaio Saski Baskoniari, nahiz eta oraindik astirik baduen. Obradoiroren aurka Santiagon laugarren urtez jarraian galdu zuen atzo, bi luzapen izan zituen neurketa eroa 108-95 galduta.

Markus eta Jordan Howard anaien arteko buruz burukoak erabaki zuen neurketa. Aurreneko luzapenean, denbora osoan atzetik izan eta 79na berdintzea lortu eta gero, Markus Howardek ia partida eman zion Saski Baskoniari, baina Obradoirok bigarren luzapena behartu zuen, 87na, eta Jordan Howard anaia zaharrak bera ere zeozer badela erakusten ahalegindu zen.

Azken partziala, 21-8koa, izan zen galiziarren alde, eta 21 puntu horietatik 15 Jordan Howardek sartu zituen. Orotara Markus anaia txikiak 33 puntu saskiratu zituen, baina eraginkorragoak izan ziren Jordan anaia zaharrenaren 22 puntuak. Okerrago, Saski Baskonia beste errekurtsorik gabe geratu zen, Markus Howarden talentutik aparte.

Neurketak 50 minutu iraun zuen orotara, eta Dusko Ivanovicek, ohi duen moduan, oso jokalari gutxiren esku jarri zuen partidaren nondik norakoa. Sedekerskisek 41 minutu jokatu zituen; ia 39, Miller-McIntyrek; 36 eta erdi, Marinkovicek; 32, Markus Howardek eta Costellok. Eta ez da ahaztu behar asteazkenetik igandera bitartean hiru partida jokatu beharko dituela talde gasteiztarrak: Bartzelonaren aurka Gasteizen asteazkenean; Asvel Villeurbannen kantxan, ostiralean; eta igandean, etxean berriro, ACB Ligako neurketa Valentzia Basketen aurka.