GARA Euskal Herriko egunkaria

Isobara mapak


Olatu handietako surfean azken urteetan itzelezko urratsak egin dira; ezinezkoak ziruditen mugak gainditu eta olatu handietako surfa ulertzeko moduan iraultza izan da. Asko dira irauli diren eskemetan eragin duten osagaiak, baina badira bi funtsezkoak; batetik, material berriak eta, bestetik, iragarpen zehatzak egiteko aukera.

Materialari dagokionez, iraultza handiena uretako motoak ekarri zuen. Ustez arraun eginez hartu ezin ziren olatuak hartzen hasi zen Laird Hamilton aitzindaria eta bere atzetik ehunka izan dira mundu osoan gauza bera egiten saiatu direnak. Aldaketa handiena, ordea, olatu handietan surf egiteko moduan gertatu zen. Uretako moto baten laguntzarekin olatu handiak hartu ostean, surflariek ez zuten gehiago olatua berdin begiratzen. Alegia, aurrez surflariak olatu handiak jaistera mugatzen ziren, baina tow-in egin ostean, olatu handien gainean surf egiten hasi ziren.

Aldaketa izugarria da. Esaterako, duela hogei urte inork gutxik pentsatuko zukeen surflariek tuboak egingo zituztela Izuztarri edo Galea Punta bezalako urautsietan, baina egun askoz ere surflari gehiago aritzen da olatu handietan eta haien artean gehiago dira olatua jaistearekin bakarrik konformatzen ez direnak.

Olatu handietan jende gehiago ibiltzearen arrazoi nagusia ere materialean dago. Itsas azalera igotzen eta flotatzen laguntzen duten txalekoak edonoren esku daude eta sekulako lasaitasuna ematen dute, zeren surflariak badaki lehenago edo beranduago gainazalera igoko dela. Horrek ematen duen ziurtasunari esker, lasaiago dago ur azpian itzulipurdika ari denean, eta, finean, olatu handietan aritzeko sekretua horixe da, egurra jasotzen ari zarenean lasai egoteko gai izatea.

Aitzitik, bada egungo fenomenoa ulertzeko kontuan hartu behar den beste osagai bat. Lehen bereizketa oso nabarmena zen olatu txikietako eta olatu handietako surflarien artean. Azken hauek izaera berezia zuten eta itsasoaren inguruko jakintza handia zuten. Isobara mapak irakurtzen zekitenez, haiei galdetzen genien ea hurrengo egunetan nolako baldintzak izango ziren edo surferako leku egokiena zein izango zen. Egun edonoren esku dago datozen egunetan ze baldintza izango diren asmatzea. Edozein mozolok ulertzeko moduan egiten dira iragarpenak eta horrek guztiok maila berean jartzen gaitu, eta jakintza apur bat dutenak mailaz jaistera behartzen ditu.