GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Baskonia eta Bilbao Basket, Europan barrena helburu ezberdinekin

Gasteiztarrek Barçaren aurka hasiko dute, Euroligan, hiru partidako astea. Bilbotarrek Europe Cupeko hurrengo faserako txartela nahi dute.

Baskoniak Howarden puntuak behar ditu; Surnek ezin du Renfroe atera. (Oskar MATXIN | FOKU)

Europako txapelketa jokoan dago gaur ACB Ligako bi euskal taldeentzat. Baskoniak Euroliga du jomuga, Bartzelonaren aurka (20.30), eta Bilbao Basket FIBA Europe Cupen arituko da CSU Sibiu talde errumaniarraren etxean (18.00, ETB4).

Gasteiztarrei dagokienez, Buesa Arenan hiru partidako astea hasiko dute Euroligako bigarren sailkatuaren aurka. 12. postuan sailkatuta dagoen Baskoniak, aldiz, bolada ona hartu behar du lehen baino lehen.

Dusko Ivanovic entrenatzaileak zifra oso onak dituzten jokalariak ditu taldean: txapelketako errebotatzaile onena den Tadas Sedekerskis (9 errebote eta 10 puntu) eta hirugarren balorazio onena duen Chima Moneke (22,7 kreditu, 17,7 puntu eta 6,2 errebote). Gainera, batez beste 13,1 puntu sartzen dituen Markus Howard ere badago. Barça, ordea, puntu gutxien jasotzen duen taldea da (71,1 puntu) eta lan horretan nabarmentzekoak dira Tomas Satoransky edo Nikola Kalinic. Dusko Ivanovicek ez du arazorik Barça «erraz eta dibertigarri» jokatzen duen taldea dela nabarmentzeko. Roger Grimauk entrenatzen duen Barçak «kalitate handia duten jokalariekin oso ondo egindako taldea du», gaineratu du.

AURRERA BEGIRA

Sentipen hobeak ditu, hasiera batean, Surne Bilbao Basketek. Egia da Real Madrilen aurka galtzetik datorrela, baina Ligan lortzen ez duena FIBA Europe Cupen lortzen du. Pentsa, pauso batera ditu final-zortzirenak. Aurreko hiru partidak irabazita, B multzoko liderrak dira. Caledonia Gladiators eskoziarrak dira lehen postua ken diezaieketen bakarrak, baina oso zaila dirudi, bi partidak irabazi eta bizkaitarrek beste biak galdu beharko lituzkete-eta.