GARA Euskal Herriko egunkaria

Irene Solaren hirugarren eleberria euskaratu du Joxan Elosegik

“Dikeak” eta “Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak” Irene Sola idazle katalanaren eleberriak itzuli ondoren, “Begiak eman nizkinan eta ilunpeei begiratu hien” lana euskarara ekarri du Joxan Elosegik. Irakurleak «momentu oro ongi pasatuko duela» ziurtatu du.

Irene Solaren azken nobela itzuli du Elosegik. (Jon URBE | FOKU)

Irene Solak «bere munduaren eraikuntzan jarraitzen du», Jorge Gimenez Bech editorearen aburuz. Joxan Elosegik itzuli berri du idazle katalanaren hirugarren eleberria. “Begiak eman nizkinan eta ilunpeei begiratu hien” dauka izenburua. Atzo aurkeztu zuten Alberdania etxearen argitalpen berria, Donostian.

Solaren hirugarren eleberria da, baita Elosegik berak itzuli duen hirugarrena ere, “Dikeak” eta “Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak” lanen ondoren.

Azken hori, 2020an argitaratutakoa, Jorge Gimenez Bech editorearen arabera, Irene Sola idazlearen «tranpolina» izan zen lana da, «ezaguna izateko bulkada». Jatorrizkoak hainbat sari jaso ditu, eta euskarazko itzulpenak Euskadi literatura saria eman zion Elosegiri.

Solaren estiloa da Gimenez Bechek zein Elosegik autoreaz nabarmendu zuten ezaugarri nagusia. Itzultzailearen ustez, Solak «irakurleari lana eragiten dio beti», eta irakurtzea «erronka bat da». Hala ere, irakurleak desafioa «gustura» hartuko duela uste du, eta «momentu oro ongi pasatuko duela» ziurtatu zuen.

AHAZTUTAKO EMAKUMEAK

Abiapuntua emakume zahar baten eta deabruaren arteko hitzarmena da, literatura herrikoiaren gai «klasiko» bat, Elosegiren hitzetan.

Mas Clavell masian gertatzen da, beti etxe barruan eta egun bakar batean. Bertan XVI. mendetik bizi izan diren emakumeak dira ahotsa dutenak, «zaharrak eta itsusiak».

Hori da, hain zuzen, autorearen nahia, historian gehienetan agertu ez direnei ahotsa ematea. Beti etxe barrua, «emakumearen lekua izan delako eta historian ere bazterrean egon delako», adierazi zuen Elosegik.