GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Akordioa baztertuta, hura lortzen saiatu gabe


Lakuako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun sailburu Pedro Azpiazu oposizioko talde guztiekin bildu zen, Voxekin izan ezik, eta bere Gobernuak bigarren bilera txanda bat egitea baztertu duela esan zuen atzo. Ez dio inori denborarik galarazi nahi. Ia segurutzat jo zuen aurrekontuek Gobernuko bazkideen botoak baino ez dituztela izango. Nahikoa izango dira aurrekontuak aurrera ateratzeko, jakina; izan ere, Azpiazuk gogorarazi duenez, aurrekontuak onartzea bermatuta dago EAJren eta PSEren gehiengo osoari esker. Beraz, gehiengo horrek adostutakoak onartuko dituzte, baina beste ondorio bat ere atera daiteke sailburuaren hitzetatik: oposizioarekin adosteko borondaterik eza.

Izan ere, ezinezkoa da oposizioko talderen batek aurrekontuak sostengatzeko edo talde horiek beren jarreretatik hurbiltzeko aukera, hori gerta dadin borondaterik izan ezean, eta aurretiazko bilera batzuk nekez jo daitezke akordio bat lortzeko benetako ahalegintzat. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk proposamen zehatzak helarazi zizkioten, baina Pedro Azpiazuk atzo esan zuen proposamen horiek ekonomikoki lekuz kanpo daudela, diru asko eskatzen dutelako. Eztabaidagarria izan liteke, jakina, baina negoziazioak bukatutzat eman zituen sailburuak. Edonola ere, gogoratu beharra dago 2022ko aurrekontuetarako itun garestiago bat sinatu zuela EH Bildurekin. Talde horren eta Elkarrekin Podemos-IUren proposamenak, gainera, hauteskunde kutsu nabarmena dutela esan zuen Azpiazuk. Argudio beti lagungarria, inondik ere, aldez aurreko argudioaren edo argudiorik ezaren antza duena, besteei egotzi zien gauza bera dela-eta, hauteskunde bezperan akordioak saihestea, hain zuzen ere.

Lakuako Gobernua sostengatzen duten bi alderdiek gehiengo osoa dute eta bermatuta daude haien aurrekontuak. Sailburuaren hitzetan, ez diote inori denborarik galaraziko, baina ulertzen dena da Gobernu horrek ez duela denborarik galdu nahi. Kontsentsuetara iristeko borondatea, desberdinen arteko akordioak, sentsibilitate guztiak kontuan hartzea... horrek guztiak horrelako egoeretan diskurtsoetarako edergarri hutsa ematen du. Hala ote da?