GARA Euskal Herriko egunkaria
FIBA EUROCUPA

Bilbao Basket Top 16ra, baina joko eskasarekin


Joan zen igandean Real Madrilen aurka 84-87 galdu ostean idatzita utzi bagenuen maila horretan arituz gero bolada txarra berehala etengo duela Surne Bilbao Basketek, atzo Sibiu talde errumaniarraren aurkako partida, logika berarenpean azpimarratu behar da. Beraz, maila horretan beltzezko gizonek ez dute ganorazko ezer aterako, ez ACB Ligan ezta FIBA Eurocupean ere. Egia da Europako txapelketa honetako Top 16a txartela bermatu zuela garaipen honi esker, baina Jaume Ponsarnauren gizonek tarteka erakutsi zuten maila nahiko kezkagarria izan zen.

Alex Renfroe eta Sacha Killeya-Jones gabe bidaiatu zuen Transilvania aldera Bilbao Basketek eta, nabari izan zituen antolatzaile beteranoaren erabaki onik eta pibot estatubatuarraren gaitasun fisikorik eta indarrik ez zuela izan.

Besterik ezean, Melwin Pantzar antolatzaile suediarra nabarmendu zen eta, minutuek aurrera egin ahala, Adam Smithek eskumuturra berotu zuen, 25 puntura iritsi arte. Horiekin biekin batera, Xavi Rabasedak atzean ematen duen seriotasuna aipatu behar. Hegaleko katalanak bost baloi ostu zituen, eta, eskerrak horri, batez ere markagailua 63-66 zela talde biak inola ere asmatu ezinik ibili ziren azken laurdeneko tarte horretan. Eskerrak Rabasedak atzean seriotasuna eman zuen, eta eskerrak Pantzarrek eta Smithek puntuak jarri zituzten.

GABEZIAK BISTAN

Sibiuk espero baino buruko min gehiago eman zituen, hasiera-hasieratik eman ere. Lehenengo jokaldietan 0-5 galtzen hasita ere, aurrea erraz asko hartu zuen, 9na berdinduta egotetik 16-9 ihes egitera.

Bilbao Basketi uste baino gehiago kostatu zitzaion partidan murgiltzea, motelegi ekin baitzion, bai erasoan, bai defentsan. Hala, Sibiu 28-21 aurreratu zen. Noizbait, Adam Smith eta Hlinason esnatzen hasi ziren eta pixkanaka markagailua berdindu zuten beltzezko gizonek, 39-38 galtzen iritsi arren atsedenaldira.

Ahalegina egin zuela ezin zaio ukatu Bilbao Basketi, baina ahalegina une bateko kontua baino zeozer serioagoa da. Aldageletatik bueltan, Adam Smith aurreneko erdian baino finago azaldu zen saskira begira, baina Bilbao Basketek ezin izan zuen alderik atera, Pratt, Uta eta Barro etxeko jokalariek estu hartu baitzuten talde bilbotarra, batez ere errebotean nagusi izan zirelako. Nolanahi dela, azkenengo laurdenaren hasierara 58-61 aurretik iritsi ziren Jaume Ponsarnaurenak, eta gaitz erdi.

Azken laurdena ere Sibiuk hobeto hasi zuen eta aurretik jarri zen, 63-61, zaleen eromenerako. Bizkaitarrek 0-5eko partziala aitaren batean lortu zuten beren alde, eta 63-66 jarri ziren. Orduan iritsi ziren neurketako minuturik eskasenak. Errumaniarrek aukera mordoa huts egin zuten neurketari buelta emateko, eta bilbotarrek ezin zuten hori inolaz ere baliatu.

Halako batean, Xavi Rabasedak baloi bat ostu zuen eta Pantzarrek kontraerasoan 63-68koa ezarri zuen, eta Adamsek partida erabaki zuen, baina ez behintzat bilbotarrek ondo jokatu zutelako.