GARA
GASTEIZ

Jangela-eredua aldatzeko eskatu dio LABek Lakuari, segurtasuna lehenesteko

Ikasbidean, egoera salatzeko mobilizazioa.
Ikasbidean, egoera salatzeko mobilizazioa. (Raul BOGAJO | FOKU)

LAB sindikatuak «janariaren kalitatea eta segurtasuna lehenesten dituzten jangelak» nahi ditu, eta Lakuako Hezkuntza Sailari eskatu dio jangela-eredua aldatzeko prozesuari ekin diezaiola eragile sindikalekin eta sozialekin.

Bestalde, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak atzo azaldu zuen jantokietan izan diren kasu «larrienak» aztertzen ari direla eta «horrelakorik berriro ez gertatzeko» neurriak hartzen ari direla ziurtatu zuen.

Adierazpenok Serunion enpresak Hernaniko Langile Ikastolako eta Durako Ikasbidea ikastolako jantokietan eskaintzen dituen menuetan hautemandako «kalitate» arazoen harira egin ditu. Asteartean Lakuak jakinarazi zuen bi eskola hauetan enpresa horrekin kontratua etengo duela.

LAB sindikatuaren ustez, azken asteotan salatutako «gorabeherak» ez dira «gertakari bakan batzuk» aurreko ikasturteetan beste enpresa batekin arazoak izan zirelako, «familiek jendaurrean horien berri eman zutelarik».

Hortaz, erantzukizuna Lakuko Gobernuarena dela adierazi zuen sindikatuak, kudeaketa «eskaintza ekonomikorik merkeena aurkeztu duen enpresak» lortzen duela salatuz. «LAB sindikatuak janariaren kalitatea eta segurtasuna lehenesten dituzten jangelak nahi ditu, langileek lan-baldintza duinak izango dituztenak, ikasleen beharrak zentroan jartzen dituztenak», aldarrikatu zuen.