GARA
GASTEIZ

Osasun Publikoaren Legea onartu dute EAJk eta PSEk, oposizioa aurka dutela

EAJk eta PSEk oposizioaren babesik gabe onartu zuten atzo Osasun Publikoaren Legea, Osasun Batzordean. EH Bilduk salatu zuen «osasuna politika publiko guztietan» ez duela txertatzen.

Atzo bildutako Osasun Batzordea.
Atzo bildutako Osasun Batzordea. (EUSKO LEGEBILTZARRA)

Osasun Publikoaren lege proiektua onartu zuten atzo EAJk eta PSEk , EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PPk ezezkoa eman zioten bitartean. Legebiltzarrean tramitatzeko azken fasean dago, behin betiko onartu aurretik.

Osasun Batzordeak baiezkoa eman zion lege honen irizpenari, eta, aurreikuspenen arabera, urtea amaitu baino lehen egingo da onartzeko osoko bilkura.

Taldeek atzo erakutsitako jarrerei eusten badiete, legeak Lakuako Gobernua osatzen duten EAJren eta PSEren babesa eta EH Bilduren, Elkarrekin Podemos-IUren eta PPren aurkako botoak jasoko ditu. Talde mistoa osatzen duten Ciudadanosek eta Voxek ez zuten batzordean parte hartu.

EH Bilduko Rebeka Uberak deitoratu zuen EAE «aitzindaria izateko eta lege on bat izateko aukera galdu izana». Taldeak ohar baten bidez salatu zuenez, «osasuna politika publiko guztietan txertatu beharrean, lege berri hori arlo horretako zerbitzu eta prestazio batzuk arautzera mugatuko delako» bozkatu dute aurka.

«Lege honekin pandemiaren aurkako legean egindako akatsa zuzentzeko aukera geneukan, osasunaren ikuspegia politika publiko guztietan txertatzekoa. Baina, legearen abiapuntu teorikoa hori zen arren, tramitazioan EAJk eta PSEk argi utzi dute legeak ez duela ezinbestekoa zen transbertsalitate hori izango, zerbitzu batzuen prestazioa arautu baino ez duelako egingo», kritikatu zuen Uberak.

Azaldu zuen osasunean eragiten duten era guztietako faktoreak kontuan hartu behar lituzkeela, «haien inpaktua neurtzeko eta, ondoren, horren araberako politikak egiteko, zuzendu beharrekoa zuzentzeko, konpromisoak eta ardurak zehaztuta». Hain zuzen, «Osasun Publikoaren oinarrian dagoen arazoa soziala izanik, konponbideak ere soziala izan behar du».