GARA
DONOSTIA

Protesta feminista, Lakuak antolaturiko kongresuan: «Zaintzarekin negoziorik ez!»

Mugimendu feministako zortzi kide Lakuak zaintzari buruz antolatutako kongresuaren inaugurazioan sartu ziren. Atzo hasi zen topaketa eta Urkullu lehendakariari zaintzarekin negoziorik ez egiteko eskatu zioten eta azaroaren 30eko grebarako deia egin zuten.

Donostiako mugimendu feministak atzo egindako protesta.
Donostiako mugimendu feministak atzo egindako protesta. (Idoia ZABALETA | FOKU)

«Zaintzarekin, negoziorik ez» oihukatuz, mugimendu feministako zortzi kide Lakuako Berdintasun Sailak antolatutako “Zainketen euskal itun baterantz aurrera eginez” kongresuaren inaugurazioan sartu ziren atzo goizean, Tabakalerako patioan, Donostian. 09.30ean Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik kongresuari ofizialki ekin baino minutu batzuk lehenago gertatu zen. Ikusleen artean zeuden zortzi feministek azaroaren 30eko grebara deitzen zuten kamisetak erakutsi zituzten, zaintzaren negozioaren aurkako oihuak egiten zituzten bitartean. Urkullurekin batera, Nerea Melgosa Berdintasun sailburua, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Eneko Goia Donostiako alkatea zeuden. Feministak aretotik bota zituzten berehala, istilurik sortu gabe.

Bien bitartean, Tabakaleraren kanpoaldean, mugimendu feministak deituta, elkarretaratze handia egin zen 09.00etatik aurrera, “Zaintza eskubide kolektiboaren alde” lelopean, eta azaroaren 30eko grebara deitu zuten.

Mobilizazioa Ertzaintzak inguratu zuen une oro, eta ezin izan zuten kongresua egiten ari zen esparrura hurbildu. Tabakalerako eraikinaren aurrean pankarta erraldoi bat eskegi zuten goizean goiz, lehendakariaren irudiarekin eta «Urkullu, utzi zaintza pribatizatzeari» leloarekin.

NAIZ Irratian egindako adierazpenetan, Ainhoa Olasok azaldu zuen protesta horrekin zaintza arloko «negozioaren arduradunak seinalatu» nahi izan zituztela. «Harriduraz hartu genuen kongresu honen berri; izan ere, mugimendu feministatik azken urtean zaintzei buruzko itun bat aldarrikatzen aritu gara sindikatuekin eta beste eragile batzuekin batera, eta orain Eusko Jaurlaritza ‘zaintzei buruzko euskal itun’ hau aurkeztera dator, mugimendu feministak azken urteetan egin dituen terminoez eta lanaz jabetuz, eta aldi berean jakinda horrekin negozioa egiten ari direla. Salatu beharreko kontraesana iruditzen zaigu, eta horregatik etorri gara protesta egitera», adierazi zuen.

Olasok, egindako adierazpenetan, gogora ekarri zuen pandemiaren ostean mugimendu feministak Lakuako eta Nafarroako gobernuei eskatu ziela beraiekin «eser zitezela, krisi honek erantzun feminista behar duela uste dugulako, baina ez dugu erantzunik jaso, ez behintzat modu positiboan. Hori ere erreakzio bat dela uste dugu, aurpegi morea garbitzeko modu bat».

URKULLU: «LANKIDETZA PUBLIKO-PRIBATU-SOZIALA»

Kongresuan egindako hitzaldian, Urkullu zaintza-eredu «propio, publiko eta komunitario» baten alde agertu zen, «zaintzaren ardura familiei eta, bereziki, emakumeei eskuordetzen dien sistema tradizional batetik urrun dagoena».

«Euskal gizartearen ezaugarriak aitortu, baloratu eta horietara egokitzen den zaintza-eredu propioa. Gure babes sozialeko sistemaren oinarria daukagu, lankidetza publiko-pribatuan eta, bereziki, publiko-sozialean oinarritua», nabarmendu zuen.

Ildo horretan, «zaintza-sistema eraginkorra eta bidezkoa lortzeko erakundeen, sektore publikoaren eta gizartearen arteko lankidetza» behar dela nabarmendu zuen, eta honakoa defendatu: «Funtsezkoa da inplikatutako alde guztiek sektore horretan inbertitzen jarraitzeko konpromisoa hartzea, zaintza eskuragarria eta kalitatezkoa izango dela herritar guztientzat, edozein dela ere horien generoa, jatorria edo beste edozein baldintza».

NBEko Emakumeen Zainketen aldeko Aliantza Globalaren premisetan oinarritutako Zainketen aldeko Euskal Ituna sustatzeko «Euskadik egindako ahaleginak» azpimarratu zituen Urkulluk; «besteak beste, zaintza-sistema berrantolatzea, genero-desberdintasuna murriztea, giza eskubideetan oinarritutako ikuspegia ezartzea eta erantzunkidetasuna sustatzea».