GARA
BILBO

«Erabileraren arora jauzi egiteko» ardatzak onartu ditu Euskaltzaleen Topaguneak

Arrasateko Juan Arzamendi Musika Eskolako auditorioan Euskaltzaleen Topaguneak hirugarren kongresua egin zuen larunbatean. Zuzendaritzak proposatutako estrategia berria aho batez onartu zuten bazkideek, «erabileraren arora jauzi egiteko».

Arrasaten bildu zen Euskaltzaleen Topagunea.
Arrasaten bildu zen Euskaltzaleen Topagunea. (I. ZABALETA | FOKU)

Topaguneko elkarte bazkideekin eta zenbait instituzio eta erakundeetako ordezkarien aurrean, Euskaltzaleen Topaguneak aro berri bati ekitea ebatzi zuen atzo Arrasaten egindako 3. Kongresuan.

Aro berriak «euskararen erabileran goranzko jauzi bat egitea» du helburu, eta, hori lortzeko, hurrengo hamarkadarako Topaguneko zuzendaritzak proposatutako xede eta estrategia berriak aho batez onartu zituzten Kongresuan.

Egungo gizarteak planteatzean dituen erronkei aurre egiteko asmoz, bost ardatzetan zentratutako «estrategia berritzailea» landu du Topaguneak hurrengo urteetarako.

Ardatz horietan lehenengoa da mugimendu euskaltzale «eraldatzaile, anitz eta sendoa izatea» eta herritarrak ahalduntzea, «nazio mailan zein tokian toki».

Bigarrena harreman sare sendoak izatea da, askotariko eragile eta mugimenduekin. Hirugarren ardatza euskal identitate «askotariko, ireki eta inklusiboa» sendotzeko, imajinarioa, diskurtsoak eta jokaerak berrikusi eta gizarteratzea litzateke.

Laugarrena euskal hiztunak sortu eta sozializatzeko, ekimenak plazaratu eta eragitea da. Eta bosgarrena eta azkena, erabileran jauzia egiteko akordio soziopolitiko-instituzional berriak bultzatzea.

Euskara «bidegurutzean» dela iritzita, biziberritze prozesuak gizarte osoaren inplikazioa eta bultzada behar duela adierazi zuen Jasone Mendizabal, Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak: «Gizarteko aniztasuna aintzat hartuta, askotariko eragileekin harremanak sendotu nahi ditugu, biziberritze prozesua elkarrekin bultzatzeko eta mugimendu euskaltzale sendo, zabal eta eraldatzailea osatzeko».

Etorkizunean euskaraz «erosotasunez bizitzea ahalbidetuko duen jauzia» egin dadin, euskal hiztun komunitatearen iruditeria eguneratzea proposatzen du Euskaltzaleen Topaguneak.

Topaguneko lehendakari Irati Iciar pozik azaldu zen Kongresuko emaitzekin: «Euskal hiztun komunitateak unean uneko desafioei aurre egin eta berritzeko indarra duela erakutsi du aldiro, eta bide horretan sakondu nahi dugu hurrengo hamarraldian».