Iraitz MATEO GOGORZA
2023KO BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA

SANTURTZITIK BILBORA BIDE ZUZENA EGINGO DU JONE URIAK

Jone Uriak irabazi du bigarren finalaurrekoa, bigarrenari ia 50 puntuko koska aterata. Bostehun bertsozale baino gehiagoren eupada izan zuten atzoko saioan, Santurtzin. Behetik gora egin zuten bertsolariek, eta baita bertsozaleek ere, azkenerako giro beroa sortuz. Bigarren Txaber Altubek egin zuen, eta hirugarren Aitor Bizkarrak. Datorren astean itxiko da finalean izango direnen zerrenda.

Jone Uria Albizuri zuzenean sailkatu da Bilbon egingo den finalera.
Jone Uria Albizuri zuzenean sailkatu da Bilbon egingo den finalera. (Oskar MATXIN | FOKU)

Santurtzira iritsi zen atzo arratsaldean Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa. Serantes kultur aretoa bertsozalez lepo zegoen, eta kantuan zebiltzanak ere gogoz antzeman ziren, nahiz eta agian pasatu den astean baino gehiago kostatu zen saioan sartzea. Jone Uriak eskuratu zuen finalerako zuzeneko txartela 631 punturekin.

Bertsoa amaieratik pentsatzen hasten omen da, eta akaso horregatik edo saioan aurrera joan ahala bertsolariak zein zaleak berotu zirelako, baina ganbarako ariketak biribildu zuen saioa. Puntu erantzunetan fin ibili ziren oro har bertsolari guztiak, eta ganbarako gaiari, ohiko moduan, hiru bertsorekin erantzun behar izan zioten. «Barruan gordeta daukazuna ateratzen hasi zara, badakizu gauzak aldatuko direla», zuten gaia. Uria izan zen gaiak emandako bi heldulekuei egokien erantzun ziena, psikologoarenera joan zen, eta lehen bertsoan horra iristeko bidea deskribatu zuen: «Hor gabiltza errepide/ presazko eta belztutan/ dena izan nahian patrikan/ dena izan nahian eskutan/ gozamenarekin eta/ estresarekin disputan/ nik azken aldian poza/ nonbait izan dut gomutan/ goizero iratzartzen naiz/ begi zuloekin burrukan/ nahiz ta normala da esan/ nire baitara batzutan/ azkenean hemen nago/ milaka hitz mingain puntan/ hainbeste izutzen nauen/ psikologoko kontsultan». Eta hirugarrenarekin findu zuen: «Nire barrua askatu/ diodalako gaur ozen/ ez metafora ez aitzaki/ egi gordin egi zuzen/ hortarako etorri bainaiz/ gauzak aldatu daitezen».

Mendibururekin ere, psikologoaren ataria bisitatu genuen entzuleok, baina kasu horretan droga uztearen beharra izan zuen drogazalearen gorputzetik; «ez da erraza izango baina/ saiatzeak merezi du» esanez amaitu zuen. Bizkarrak osatutako istorioan ere bikote drogazalea zegoen tarteko; bigarrenean irudi bat deskribatu zuen eta entzulearen begien parean jartzea lortu zuen: «Zure bizia konpondu behar/ dozula nabil esaten/ ta zu piti bat liatu guran/ ta umea negar baten».

OFIZIOTAN, ELKAR ENTZUTEN

Hamarreko txikian gai mamitsuak landu zituzten, bakoitzak bere begiradatik. Bittor Altube semeari supermerkatu erraldoi batean lana eskaini zioten, baina baldintza txarretan; eta Bizkarra aitari kontatu zion bere egoera, aita urte luzez industrian lan egindakoa. «...Ta nik ipini hainbat puretaren pose/ ze lan gura dozue/ lortzerik zeoze/ gero sindikatuta/ be ez bazagoze», kantatu zuen Bizkarrak, eta Altubek erantzun orain artean jarraituko dutela, aitaren eta amaren etxeko babesean.

Zortziko txikian Txaber Altubek eta Mendiburuk osatu zuten behin baino gehiagotan bertso plazan eta edozein etxetan gertatutako egoera. Mendiburu semeak parrandatik bueltan etxeko atea ireki eta Txaber gurasoa topatu zuen esna; «Gabon» esan zion. Altubek atea zabaltzen ordubete tardatu zuela aurpegiratu zion, eta semeak erantzun zion parrandazale ona zela eta, hamaika aldarri egin zituenez sarri, sukaldera joan eta bi gin tonik ateratzeko. Sukaldean itxi zuen ofizioa Txaberrek: «Behin nola ein nuen zu/ sortzeko aukera/ amak esaten zuen/ txakur bat hobe da/ bihar bueltauko zera/ zeroren onera/ har zazu cola-cao bat/ ta zoaz ohera».

Zortziko handiarekin hasi zituzten lan puntuagarriak, Uria eta Goiriena urte luzez sortzaile lanetan aritutakoak. Uriak Goirienari aitortu zion luzaroan ezingo zuela horrela jarraitu. Goirienak musikarien gorputzetan jarri zituen, eta entzulearentzat ezagunak ziren erreferentziekin jolas egin zuen: «… Urteetan hortxe ibili gara/ mantra berdina esaten/ badakigu musikak Euskadin/ ez du dirurik ematen». Uriak aldatzea ere zilegi dela defendatuz, animoak eman zizkion lagunari, bere biderako.

SAIO BAKARRAREN FALTAN

Amaierako agurrean, bere zortzi finalaurrekoen erradiografia egin zuen Uriak, eta ezin txalotuagoa izan zen aldarri batekin amaitu zuen: «...nahiz gehiegitan aparte utzi/ gora Baraka, biba Santurtzi/ bueno, a ver, esque basta ya/ hau ere bada Bizkaia».

Bigarren finalaurrekoa izanik, askok finalean zuten begirada, baina oraindik Lemoako saioan gertatuko denaren zain geratu beharko du bertsozaleak, datorren astean itxiko baita finaleko zortzikotea. Kantuan izango dira Aissa Intxausti, Ibai Amillategi, Josune Aramendi, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra eta Onintza Enbeita.