Haritz LARRAÑAGA
ITSASOA

Bizkarguenaga eta Gonzalez Etxabarri txapeldun Zierbenan

Markel Bizkarguenaga bilbotarra eta Annette Gonzalez Etxabarri zumaiarra nagusitu ziren Zierbenako La Arena hondartzan egin zen euskal zirkuituko hirugarren proban. Kategoria irekiko rankinga osatuta, aurtengo itzulia amaitzeko txapelketa bakar bat falta da, abenduan Mundakan egingo dena.

Annette Gonzalez-Etxabarri, bira indartsu bat egiten, La Arenako hondartzan.
Annette Gonzalez-Etxabarri, bira indartsu bat egiten, La Arenako hondartzan. (EUSKALSURF.COM)

Annette Gonzalez Etxabarri zumaiarrak eta Markel Bizkarguenaga bilbotarrak irabazi zuten Zierbenako La Arena hondartzan egin zen Olaian Clinica Baviera Surf Zirkuituko hirugarren proba. Metro inguruko olatu politak eta giro ederra izan ziren larunbatean zein igandean, eta euskal surflariek maila altua erakutsi zuten. Kontuak honela, txapelketa bakar bat falta da Euskal Herriko Surf Federazioak antolatzen duen zirkuitua amaitzeko, hain zuzen ere, urtero abenduan egin ohi den Mundakako txapelketa.

Kategoria irekiko txapelketan, hau da, edozein adineko surflariei irekitako lehiaketan, 11 neskek eta 31 mutilek pate hartu zuten. Hala ere, lehiakideen artean surflari gazteak nabarmendu ziren.

Hasiera batean ekainean egin behar zen Zierbenako txapelketa, baina, baldintza egokiak izan ez zirenez, atzeratua izan zen, eta azkenean joan den azaroaren 18an eta 19an egin ahal izan zen baldintza ederrekin. Neskek egun bakar batean egin zituzten txanda guztiak, alegia larunbatean, baina mutilek bi egun behar izan zituzten, eta igande goizean bukatu zuten.

Nesken mailan Annette Gonzalez Etxabarri nagusitu zen. Bigarren postuan Bianca Tye getxotarra geratu zen, hirugarren postuan Alejandra Garcia eta laugarrenean Mikele Beato. Mutilen kategorian, ostera, Markel Bizkarguenaga bilbotarrak eraman zuen txapela. Bigarren postua Bakioko Peru Zuñiga gaztearentzat izan zen, hirugarren postua Hondarribiko Xuban Lopetegirentzat eta laugarren postua Alejandro Sanchorentzat.

MUNDAKA HELBURU BI MODALITATE NAGUSIK OSATZEN DITUZTE EHSFKO ZIRKUITU NAGUSIAK, SURFAK ETA BODYBOARDAK. GERO BAKOITZAK ADINAREN ARABERA ANTOLATUTAKO BESTE HAINBAT AZPIKATEGORIA IZAN DITZAKE, BAINA HORIEK DIRA MODALITATE NAGUSIAK ETA HORIEK DIRA ABENDUAN EGITEN DEN MUNDAKAKO TXAPELKETAN LEHIATZEN DIRENAK.

Abenduko lehen hiru asteburuetako batean egiten da txapelketa, baldintza onenak direnean. Izaera berezia du, batetik, Europako ezker olatu hoberenetako batean lehiatzeko aukera eskaintzen baitu, baina, bestalde, zirkuituko azken proba den heinean, erabakigarria ere bada, balio bikoitza baitu. Beraz, irabazleak bi txapelketa irabaziko balitu bezala puntuatzen du.

Nolanahi ere, parte hartzea mugatua da, soilik rankingean behar adina puntu eskuratu dituzten lehiakideek parte har dezakete. Surfari dagokionez, rankingeko lehen 14 mutilak eta lehen 6 neskak sailkatzen dira itzuliko azken probarako. Horiez gain, kategoria bakoitzean gonbidapen wildcard bat banatzen dute antolatzaileek, eta Sub-18ko txapeldunak ere atxikitzen dira.

Bodyboard modalitatean oraindik beste txapelketa bat egin behar da Mundakakoa aitzin. Bakion eta Zumaian egin zituzten lehiaketei azaroaren amaieran Ereagan egingo dena gehitu behar zaie, rankinga osorik eratzeko.

Horren ondoren, mutilen rankingeko lehen zazpi lehiakideak eta nesken rankingeko lehen hiru lehiakideak Mundakarako sailkatuak izango dira. Hauei ere wildcard bana eta gazteen bodyboard zirkuituko garaileak gehitu behar zaizkie.