Surflari Ernegatua

Nicolas surfean

Nicolas Cage aktorea Australia mendebaldean da, “The Surfer” filma grabatzen. Datorren urtarrilean 60 urte beteko dituen antzezle estatubatuarrak bere emaztea eta alaba eraman ditu, eta filmazioak irauten duen artean Taj Burrow surflari ospetsuaren etxean izango dira. Australian inoiz izan den surflari hoberenarekin bizitzen, surflarien artean izaten diren liskarren berri zuzenean izango du; izan ere, hori da Lorcan Finnegan zuzendariak filmarekin irudikatu nahi duena, jende pilaketak izaten diren urautsietako giroa.

Hainbat urtez AEBetan lanean izan ostean, bizitza lasaiago baten bila itzultzen da bere jaioterrira Nicolasek antzezten duen pertsonaia. Ordea, lasaitasunak ez du asko iraungo, bertako surflari batzuekin gatazka betean sartuko baita, ia burua galtzeraino. Hori da Thomas Martin gidoilariak aditzera eman duena. Nondik norakoetan gehiegi sakondu gabe, «film psikologiko» bat izango dela ere nabarmendu du.

Urtero munduko surf txapelketa egiten den Margaret River urautsitik gertu dagoen Yallingup hondartzan hartzen ari dira irudi gehienak, eta jada filmaketako zenbait irudi argitaratu dira. Eszena batzuetan surflari batekin borrokan agertzen da Nicolas.

Apar bat hartu nahian ere ikus daiteke aktore famatua. Irudiak hartzen ari diren langileez gain, bere ordezkoa izan daitekeen surflaria eta olatua hartzen lagundu nahi dion irakaslea ikus daitezke. Aktoreak eta bere ordezkoak ertz gorriak dituen taula hori bat dute eta dirudienez biek apar bera hartu behar dute, baina Nocolasek ez du olatua hartzea lortzen, eta, gainera, zinez akituta dagoela dirudi. Irudi xelebreak dira.

Gaztelaniaz “Le llaman Bodi” izenburua jarri zioten “Point Break” filmean ikusi ahal izan genuen leku batzuetan surflariek kanpotarrekin izan dezaketen jarrera bortitza. Sarri aipatu dut zutabe honetan surflari ez direnentzat ulertzeko oso zaila den afera dela. «Olatu bategatik borrokan egin?», galdetzen dute surflariak ez direnek. Errespetu kontua da, baina baita botere kontua ere. Azaltzeko oso zaila da; beraz, Nicolas Cageren lan berriak jakin mina sortu dit, ea nola azaltzen duten urautsi bat mikromundu bat dela. Hau da, mundua zuzentzen duten arau eta jarrera berberek ezartzen dutela ordena urautsian eta surflarien fauna gizartearen ispilu dela. Alegia, gutxiengoa dira pentsatzen duten bezala bizi direnak, eta gehiengoak, lehorrean bezala, bizi den bezala «pentsatzen» du.