GARA Euskal Herriko egunkaria

EHUk graduko kredituen %95 eskaintzen du euskaraz, graduondoetan %25 bakarrik

Eva Ferreira EHUko errektoreak euskarak unibertsitatean izan duen garapenaren berri eman zuen atzo. Oro har, euskararen presentziak gora egin du gradu eta graduondoetan, handitu egin da langileen euskararen ezagutza ere, baina garapena ez da abiadura berean gertatu alor guztietan: bizia izan da graduetan, motelagoa graduondoetan.

EHUn euskarak izan duen garapenaren berri eman zuen Eva Ferreirak (erdian). (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Euskarazko eskaintza eta eskaria, oro har, hazi egin da Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) ematen dituen graduetan. Euskaraz matrikulatzen da ikasleen erdia baino gehiago (%54 aurten), eta graduko ECTS kredituen %95ean bermatu du euskarazko eskaintza. Ez da berdin gertatzen graduondoko ikasketetan: hamar urtean %7 bakarrik handitu du EHUk euskarazko eskaintza, kredituen kasuan %25.

Eva Ferreira EHUko errektoreak eman zituen datuok atzo, datorren abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Egunaren karietara Bilbon egindako aurkezpenean. Lau atal bereizita -euskararen bilakaera gradu eta graduondoetan, unibertsitateko langileen euskalduntzea, argitalpenen eta material didaktikoaren ekoizpena eta euskararen erabileraren sustapenerako programak-, euskarak EAEko unibertsitate publikoan izandako garapenaren berri eman zuen. «Gure unibertsitateak euskararekiko konpromiso sendoa hartu zuen bere sorreratik, eta konpromiso horrek emaitza onak ekarri ditu», adierazi zuen prentsaurrekoan.

Ferreirak esan bezala, atzo aurkeztutako datuek erakusten dutenez, euskararen presentziak gorako joera izan du, oro har, errektoreak aipatu zituen lau ataletan, baina ez neurri berean. Hala, graduko ikasketetan dago indartsuen euskara: azken hamar urteetan, ETCS kredituen %75etik (2013an) %95era zabaldu du euskarazko eskaintza unibertsitateak, eta ikasleen erdia baino gehiago (%54) euskaraz ikasteko matrikulatzen da; gutxiengoa ziren 2015ean (%47).

Pentsatzekoa da ikasketak euskaraz hasi dituzten guztiek ez dituztela hizkuntza honetan bukatzen, gradu amaierako lanen %41 egin baitzen euskaraz iaz (%34 ziren 2013an).

Askoz txikiagoa da EHUren euskarazko eskaintza graduondoko ikasketetan. ECTS kredituen laurdenean (%25) soilik dauka euskarazko eskaintza, eta graduko ikasketen kasuan baino motelagoa da euskarazko eskaintzaren haziera: graduondoko kredituen %18k zuten euskarazko aukera 2013an, beraz, %7 bakarrik handitu da hizkuntza honen presentzia hamarkada batean.

Ikasleen %23 matrikulatzen da euskaraz graduondoko ikasketetan (%13 zen 2013an) eta master amaierako lanen %29 egin ziren euskal hizkuntzan 2022an, duela hamar urte baino %13 gehiago.

Unibertsitateko langileen euskalduntzeari buruzko datuak ere eman zituen Ferreirak: 2010ean irakasleen eta ikertzaileen plazen %45 ziren elebidunak, eta 2023an %66 dira.

Teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen kasuan, 2010ean %29 zen elebiduna eta 2022. urtean, berriz, %42.

ARGITALPENAK, MILAKA

Argitalpenen eta material didaktikoen ekoizpenaren atalaren barruan, Euskal Herriko Unibertsitateak arlo horretan egin duen ahaleginaren berri eman zuen errektoreak. Esan zuen EHU dela euskarazko argitalpen akademiko gehien ekoizten eta argitaratzen dituen eragilea gaur egun. Iaz, kasurako, 1.048 argitalpen eman zituen euskaraz unibertsitateak, eta gaur egun 2.203 dira EHUn garatutako ikerketen ondotik euskaraz argitaratutako artikulu zientifikoak.

Unibertsitateko bizitza sozialean euskararen erabilera sustatzeko abiatutako programak ere aipatu zituen. Besteak beste, Aktibatu, Unikoak eta Euskal Game Jam deialdiak; Jose Migel Barandiaran, Gabriel Aresti eta Kultura Zientifikoko katedrak edo Bikain ziurtagiria, egun unibertsitateko hamar atalei esleituta.