GARA Euskal Herriko egunkaria

Beasaingo parrokiako pintura errenazentistak, agerian

Beasaingo parrokian hamabi pintura-geruzaren azpian gordeta aurkitu zituzten 1555. urteko margolan errenazentistek argia ikusi dute azkenean. Zazpi hilabeteko zaharberritze lanek agerian utzi dituzte margoetako izaki mitologiko, landa elementu eta aingeruak.

Diputazioko teknikariak eta Bergarako Artez enpresako langileak arduratu dira zaharberritzeaz. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Ustekabe bati esker deskubritu zituzten Beasaingo parrokiako erretaulan ezkutuan zeuden margoak. 2021. urteko uztaila zen: egurrari eraso egiten dioten intsektu xilofagoek eraginda, erretaularen dekorazio pieza txiki bat erori, eta arakatzen ari zirenean, atzean zeuden margoak aurkitu zituzten. Orain dagoena, erretaula barrokoa, Juan Urrusualde Echeverriak eraiki zuen 1671. urtean, eta haren atzean 1555. urtean Juan Perez de Landak egindako horma-pintura originalak zeudela ikusi zuten.

Zazpi hilabeteko zaharberritze lanen ostean, atzo aurkeztu zituzten prentsaurrekoan margoak, «altxor errenazentista, Gipuzkoan bakarra», Maria Jose Telleria Gipuzkoako Diputazioko Kultura zuzendariak nabarmendu zuenez.

Miaketari esker pintura gehigarriak aurkitu ahal izan ziren presbiterioko hormetan, kareztapean eta morteroetan ezkutatuta, erlijio-pasarteak irudikatzen dituztenak, besteak beste, ‘‘Bosgarren Angustia’’, ‘‘Gurutziltzaketa’’, ‘‘Luizia’’ eta ‘‘Otoitza Baratzean’’ deiturikoak. Aingeruen, izaki mitologikoen eta landare-elementuen irudiak ere ikus daitezke.

Beasaingo herritarrek eta Beasaingo parrokiara hurbiltzen diren guztiek zaharberritutako bi erretaulak ikusteko aukera izan dezaten, ohiko kokalekutik hiru metro aurreratzea erabaki da, hala bisitariek jatorrizko erretaula ere ikusi ahal izateko.

EZUSTEKO POZGARRIA

Lanetan erretaula nagusia zein hura desmuntatzeko lanetan agertu diren horma-pinturak zaharberritu dira eta orain arte 199.875,74 euroko kostua izan dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gotzaindegiak eta Beasaingo Udalak finantzatu dute. Aurkezpenean Cristina Fernandez kontserbatzaile-zaharberritzaileak adierazi zuenez, erretaulak eta artelan historikoak zaharberritzeak lan «zehatza» eskatzen du, eta azaldu zuen erretaulen babes egokia funtsezkoa izan dela bi erretaulak babesteko. Zaharberritze lanetan pintura-estaldurak kendu dituzte, eta artelanetako eremu jakin batzuk, gal daitezkeenak, sendotzeko eta finkatzeko esku-hartze puntualak egin dituzte.

Beasaingo alkate Leire Artolak horma-irudi errenazentista hauen aurkikuntza «ezusteko pozgarria» izan zela nabarmendu zuen eta ezezaguna zen altxor bat aurkitu izanak herriari «onura» ekarriko dio, bere iritziz: «Tokiko nortasuna azpimarratuko dute margoek elementu historikoak azaleratu dituztelako. Gure ondare historikoa eta artistikoa aberastera dator aurkikuntza hau eta, zalantzarik gabe, udalerrian dugun eskaintza turistikoari gehituko zaio».