GARA Euskal Herriko egunkaria

«Sistema hau zainduko» ez dutelako, Neska* Gazteek A30eko grebarekin bat egingo dute

Euskal Herriko Neska* Gazteek datorren azaroaren 30eko greba feminista orokorrera deitu dute, «gure bizitzen aurka antolatzen den» egungo zaintza sistema ez dutelako «zainduko» eta «erreproduzituko». «Zaintza eskubidea erdiesteko modu bakarra mobilizatzea, antolatzea eta borrokatzea» dela uste dute.

A30eko grebara deitzeko EHN*G-ek Gasteizen egindako agerraldia. (Endika PORTILLO | FOKU)

Neskek zaintza lanak egiterakoan, «12 euro ordua? Ez al da nahikoa 10 eurorekin?», «zure kapritxoak ordaintzeko besterik ez duzu behar» eta «haurrak asko maite zaitu, ez utzi lana» bezalako esaldiak jasotzen dituztela salatu zuten Euskal Herriko Neska* Gazteek, azaroaren 30eko grebara deitzeko egindako agerraldian.

Zaintza lanak «baldintza prekarioetan» eta «emakumeen esku» uzten dituen sistema zisheteropatriarkala ez dutela «zainduko» eta «erreproduzituko» argi utzi zuten.

Horregatik eta «zaintza eskubidea erdiesteko modu bakarra mobilizatzea, antolatzea eta borrokatzea delako», greba feminista orokorrarekin bat egitera deitu zuten.

Sektore osoan «prekarizazio joera orokorra» salatu zuten, «baldintza duinen aldeko borrokan» garbitzaileak, egoitzetako langileak eta etxeko langileak «eredu» dituztela esan zuten, «bide horretan» jarraitzeko asmoa erakutsiz.

Merkatutik at zaintza lanak ere aintzatetsi zituzten, neskak umeak zaintzera eta eskolak ematera «behartzen» dituen sistemak emakumeak «ordaindu gabeko lanaren zatirik handiena» egitera ere bideratzen ditu eta. «Zaintzari lan izaera kentzen diote eta inposatutako orduei maitasuna deitzen diete», azaldu zuten.

«Horregatik emakumeek lan egiten dute familiaren barnean, eta gure aitonak jubilatu egiten dira eta gure amonak inoiz ez», erantsi zuten.

GIZONEN ARDURA ERE BAI

Neska gazteak «lagun mutilen eta mutil-lagunen sostengu emozionala» izateaz gain, azaldu zutenez, militantzia espazioetan «batzuek erabaki politikoak hartzen dituzten bitartean, guk zaintza lanak egiten ditugu». Gainera, erasoak jasaten dituztela deitoratu zuten.

Bada, «greba orokorrari begira egiten ari garen bezala, gizonekin aliantza politikoen nahiz antolakuntzaren zilegitasun eta garrantziaren alde» agertu ziren, «feminismoa konfrontaziorik gabeko borroka izan behar duen ideia patriarkala dela» ohartaraziz.

Beraz, «zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko borroka denon ardura» dela nabarmendu dute Euskal Herriko Neska* Gazteek, eta gizonei dei egin zieten greba «gurekin batera» egitera, «ardura har dezaten», «ez dezaten jarraitu zaintzaren gatazkan duten erantzukizuna alde batera uzten» eta «gizonen posizio sozialetik lan egin dezaten».