Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Adiorik ez, Mikel

Orain egun gutxi Amets Arzallus egon zen Añanan, Ibrahima Balderekin batera idatzitako “Miñan” liburuaz hizketan. Mugez aritu zen Gaubeako liburutegian bildutakoekin. Orain urte gutxi arte eskasak ziren Arabako eremu honetan euskaraz aurki genitzakeen kultura-eskaintzak, baina gauzak asko aldatzen ari dira, aita. Askotan entzun behar izaten genuen gu ere mugan geundela baina, kostata bada ere, mugak gainditzen goaz, ezjakintasunarenak bereziki. Orain zure biloba txikiak Gesaltzara joaten direnean, errazago topatzen dute euskaraz bizitzeko aukera.

Bueno, jada ez dira horren txikiak, aita. Baina, egunotan, haurrak balira bezala estutu nahiko nituzke. Aitona Mikel galdu dute eta negar batean ikusteak bihotza urratuko lizuke zuri ere.

Mikel, mugaz beste aldean egondakoa, beti muga ezabatzearen alde eta, denaren gainetik, mugen beste aldera baztertu nahi dituzten horien guztien aldekoa. Beti irribarretsu eta eskuzabal, bizitzan bezala, borrokan.

Mikel Zuazabeitia Errasti egunkari honen eta zutabe honen irakurle leiala izan da. Jakin dezatela nire iloba txikiek egunen batean mina areagotuko zaiela eta berak utzitako hutsunea eurek beteko dutela, egunkariek jasoko dituzten euren marrazki, testu eta bertsoen bidez.