GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
GORKA ARMENDARIZ
Leihotikan taldeko abeslaria

«Inguru oso ona daukagu eta aurrera jarraitzeko indarra eman digute»

Gazte izanaren bizipenetatik sortu dute hein batean Leihotikan taldekoek «Etorkizuna ginenean» diskoa. Hitz zuzenak, hardcore melodiko indartsua eta izerdia dira hogei minutu baino gutxiagoko iraupena duen lan berriko osagaiak. Gorka Urbizu izan da ekoizlea. Gorka Armendariz abeslariak kontatu dizkigu xehetasun guztiak.

(Iñigo URIZ | FOKU)

Disko berria bart aurkeztu duzue Akelarre tabernan, Txantrean, baina denona da dagoeneko. Zer nolako sentipenak dituzu?

Denbora asko daramagu honekin lanean. Lasaitze moduko bat izan da diskoa kaleratzea.

Aurpegian kolpe bat emanez hasten da diskoa, «Zaila» kantuarekin. Energiaz betea, laburra eta zuzena da, minutu eta erdiko aurkezpen eskutitz biribila.

Gure intentzioa intro moduko zerbait egitea zen. Diskoko lehen abestia ez zaigu iruditu esanguratsuena izatea, baizik eta ziztada moduko bat izatea nahi genuen. Definitzen gaitu gaiak ere. Soldatak behera doaz eta prezioak gora. Nola iritsi gara hona? Zer egin dezakegu? Gaur egungo hainbat galdera planteatzen ditu, eta energiaz kontatu dugu hori.

Itun soziala aipatzen da kantuan. Esan daiteke burokraziak langile klasea garaitu duela?

Nik, langilea naizenez gero, ezin dizut hori esan eta ez dut hori sinistu nahi. Garaiak asko aldatu direla uste dut, ez langileriarentzat soilik. Lehen langileriak bazituen indar handia zuen esparru txikiak, baina mundu hegemoniko batean bizi gara eta bestelako plataforma handiagoak behar dira indar hori egiteko. Gizartearen isla izaten ari da hori. Gure gurasoek edo aurreko belaunaldiek baino eskubide indibidual gehiago ditugu eta horrek gizarte bezala kohesioa galtzea ekarri du. Gizarteak ez digu babes demokratikorik ematen indibidualizatuta gaudelako; eskubide horiek bigunagoak dira eta kontrobertsia handia dago hor. Itun sozialak balio digu? Bada, bai, baldin eta gure bizitza propioa bizitzeko aukera emango badigu. Eta hori ez da gertatzen ari, nahiz eta ez garen ez esklabo ez eta analfabetoak ere. Ez dakit hirugarren modernitate baten aurrean gauden edo ez, baina bizitza aurrera ateratzeko gero eta zailtasun gehiago ditugu. Ez dakit langile klaseko aristokrazia baten aurrean gauden edo zer, baina horren kontra efizienteagoak izan behar dugu borrokan.

Gazteak zinetenean ere etorkizuna zineten, diskoaren izenburuan diozuen moduan. Baina orduan ere gauzak ez ziren errazak izango.

Ez ziren errazak, ez. Baina 90eko hamarkada horretan talde pila bat ginen Iruñean, 80ko belaunaldiak eman digu hemen egoteko aukera eta ilusioa. Denok genituen gure saltsak, ez genuen goi mailako ikasketarik behar gauzak aurrera atera ahal izateko. Horrek hasierak errazten ditu, baina gero denboran mantentzea da zailena. Zirkuitu batzuetan sartu behar duzu. Euskarak ateak ireki dizkigu toki batzuetan, baina baliabide eskasekin, eta ahal zena egiten genuen askotan. Sufritu eta disfrutatu dugu hori guztia. Gaztetxeen edota txosnen kontua ere aldatuz doa; orduan dena zuk egin zenezakeen sentsazioa zenuen, zerbait oso lokala bazen ere.

Berak bere burua ekoizletzat hartzen ez duen arren, Gorka Urbizu izan duzue disko honetako ekoizlea.

Jakina. Izan ere zer da ekoizle izatea? Nik ere ez nekien zer zen hori. Berak abesten duen ‘‘Etorkizuna ginenean’’ abestia berak konposatutakoa da, taldearen mesedetan jarri eta gure esentziara eraman du. Gorka Urbizu bidea gurekin egin duen oso gertuko pertsona izan da betidanik, Leihotikan asko gustatzen zaio, baina ulertu ere egiten du, eta erosotasun egoera horretatik ateratzera behartu gaitu bere lanarekin. Hori bai, gure identitatea mantendu du hasieratik bukaeraraino. Aipatu dugun abestian gaztetasuna eta orain gauden aroaren arteko inflexio puntua aipatzen du, non ginen eta non gauden ikusarazten diguna.

Zuk esan duzun moduan, esentzia mantentzea lortu du, baina bere ukitua eman die zenbait kanturi.

Bagenuen, pixka bat, beldur hori hasieran, egiari zor. Kontua da La M.O.D.A.-koei entzun geniela eskubide unibertsala izan behar lukeela Gorka Urbizuk zure disko bat ekoiztea, eta horrela pauso hori eman genuen. Gorka guretzat, nolabait ere, baserritik mundua ezagutzera joan den anaia txikia da, gu, bitartean, baserriko uzta zaintzen ari ginen bitartean. Mundua ikusi du eta eskuratu duen esperientziarekin orain gu bere mailan egongo ote ginen beldurra geneukan. Lan asko eginarazi digu, baina oso erraza izan da dena. Lokalean ere sartu da bere instrumentuarekin, eta taldekide bat bezalakoa izan da guretzat.

Esan dezakegu ibilbide nahiko paraleloak eraman dituzuela, etxe beran hasi zinetelako, itxi berri den GOR diskoetxean. Orain, zuek ere zuen zigilu propioa sortu duzue, Txorimalo Records. Nola izan da prozesu hori?

Guk uste genuen GOR zigiluak ateratzen zuen azken diskoa izango zela, Leihotikanek eta Berri Txarrakek izan dutelako zigiluarekin halako harreman estu bat. Baina Patxik esan zigun ezetz, Balerdi-Balerdiren diskoa izango zela azkena. Guk horren aurrean ez genekien zer egin. Gainera, ateratako disko guztiak ere gure eskuetara pasatu ziren, eta hori guztia nola kudea genezakeen pentsatuz hasi ginen. Bada, zigilua sortu dugu, probatuko dugu. Mobida bat izan da hau guztia hastea, baina bai GORekoek eta baita Gorka Urbizu eta Only In Dreamsekoek asko lagundu digute, baita Fermin Göok ere, Farmway Recordsekin. Dena ordena batean joatea lortu dugu orain arte. Ingurune ona daukagu, eta aurrera jarraitzeko indarra eman digute.

«Zu gabe» kantuan justu kontrakoaz, absentziaz, hitz egiten da. Noren zain dago abestiko pertsonaia?

Begira, hau oso pertsonala da eta nitik abesten dut hemen, amari egindako kantua delako. Marisa Zubiriren poema bat da; hark beste absentzia baten inguruan hitz egiten du, eta, kasualitatez txio batean-edo irakurri nuen eta barruraino iritsi zitzaidan. Kantuarekin bueltaka genbiltzan; oso teknikoa zen abestia, eta poema horrek ematen dio emozio berezi hori kantuari. Hortaz, bai ala bai kabitu behar zuen. Gainera, gerora jabetu naiz ez dela nire kasua edota Marisarena bakarrik, baizik eta gure belaunaldikoen gurasoak, lagunak… joaten ikusten ditugu eta absentzia horietan guztietan bizi daiteke kantua.

Lehenengo singlea «Izaeraren erreka» izan zen. Hasierako arpegioetan surf ukitu bat badu, gero, koroak-eta sartzean, americanatik ere edaten du… Baina harmonizazioan eta Jule Goñiren ahotsa dira diferentzia markatzen dutenak. Nola garatu zen abestia?

Arpegio hori Patxik ekarri zuen, eta hasierako akorde horiek bagenituen, pop mundukoak. Errepika pianoan eginda dago etxean, eta hor akaso ikusten dira bestelako hainbat gauza, eta apurtu egiten du. Estilo aldetik oso berezia da. Melodia sortzea asko kostatu zitzaidan, oso irekia geratu zen eta denok sartu dugu zerbait. Nik oso lasaia ikusten nuen, baina taldekideek indar pixka bat gehiago eman nahi zioten. Gorkaren errepikako gitarrek eta bertako harmoniek beste norabait eramaten dute, kantua behar den tokira iristen den arte.

Goñiren ahotsak kolore berezia eman dio zuen musikari.

Bai, eta asko eskertzen dut, gainera. Emakume gutxi ikusten ditut nire inguruan, musikan ari garenean. Marisa Zubiriren poesia ere horregatik ekarri nahi izan dugu, gure inguruan denok gizonak garelako. Eta emakumeen begirada eta emakumeen presentzia asko eskertzen ditut musikaren munduan. Kantu honetan Iñigo Ibarrarekin bazterreko identitateei buruz testua lantzen aritu gara; genero desberdinek egon behar genuen kantuan, horrek indartu egiten zuen mezua.

Testuan «inozentzia» da hitz gakoa niretzat, bazterrean bizi den horrek hori mantentzen baitu askotan gizarte krudel honen aurrean.

Bueltak eman genizkion gai honi, inozentzia galdu edo ez galtzearen kontuari. Oso zaila izan behar du normatiboa ez den identitatea izatea edota gorputz normatibo bat ez izatea, eta horrekin gizarte honetan bizitzea. Munduak tirano bihurtu gaitzake, eta hori oso posible da, are gehiago tratu txarrak ematen badizkigute, baina justu kontrakoa da behar duena normatiboa ez den pertsona horrek; inguru sano bat behar du, nahikoa baduelako bere barne gatazkekin, bizi garen gizarte honetan. Inozentzia hori ez galtzeko gizartearen babesa behar duten pertsonak dira.

Duela 30 urte ere oso aktuala izango zen «Askatasuna» kantua, diskoko bortitzena. Frankismoaren lakrak presente jarraitzen du 2023an.

Esperimentu moduko bat da abesti hau, eta hitz horren esanahia edota abesten deneko testuingurua asko aldatu da denborak aurrera egin duen heinean. Horregatik sartu dugu hasierako sampler hori. Askatasuna gaur egun justu lehengoaren kontrako inertzian erabiltzen da; horregatik diogu haien kontzientzia gure zigorra dela, gure kontzientzia haien zigorra den bezalaxe. Kontzientzia hori da kendu ezin digutena.

Ander Xabier Tejadasek egin du biniloaren diseinua. Fina da benetan. Edizio fisiko hori zein tokitan eskuratu ahal izango da?

Gure webgunean bada halako denda bat, eta hortxe jarriko dugu saltzeko. Eta, bestela, Durangoko Azokan ere izango da diskoa eskuratzeko modua. Gainerakoan, binilo denda batzuk badira Euskal Herrian, eta haietako batzuetan jarri nahi genuke, disko fisikoak mimatzen dituzten tokiak baitira.

Bart aurkezpena Akelarren egin zenuten, eta badakit Totemen baduzuela beste data bat. Zeintzuk dira konta daitezkeen gainerako emanaldiak?

Abenduaren 23an izango gara Atarrabiako Totem aretoan, eta inguruko guztiak bertan izatea espero dugu. Data berezia da guretzat. Abenduaren 16an Mungian joko dugu. Eta, horiez gainera, 2024an Bilboko Kafe Antzokian, Tolosako Bonberenean, Azpeitian… izango gara. Laster kaleratuko ditugu data guztiak gure informazio kanaletan. Bestalde, nahi genuke Madrilen, Bartzelonan edo Zaragozan kontzerturen bat eskaini, disko hau aurkeztu ahal izateko.