GARA
BILBO
PROMOZIOKO BINAKAKOA

Larrazabal-Eskiroz, txapela defendatzera

Bilbon aurkeztu dute Promozioko txapelketa.
Bilbon aurkeztu dute Promozioko txapelketa. (BAIKO)

Binakako Serie B txapelketa, halaxe izendatu dute bikoteka jokatuko den Promozioko txapelketa. Aspe eta Baiko enpresetako launa bikote lehiatuko dira, eta bihar hasiko da Azkoitian. Finalerdietako ligaxka martxoaren 1ean hasiko da, aurretik play-offak jokatuta. Eta final handia martxoaren 23an izango da, Iruñeko Labrit frontoian.

Aurreko edizioko txapeldun Larrazabal-Eskiroz bikoteak errepikatu egingo du, Baikoren apustu sendoa berretsiz. Dena dela, lehen partidetan aurrelari arabarra lehen mailako txapelketan arituko da, Laso ordezkatzen, eta, beraz, Senarrek hartuko du bere lekua Promoziokoan.

Ugartemendia da, hain zuzen ere, Baikoren berritasun txikietako bat. Alkizako atzelariak otsailean egin zuen debut profesionala eta estreinakoz arituko da Promozioko txapelketan, Zubizarreta III.arekin, Promozioko Lau eta Erdiko txapeldunarekin, alegia. Beste nobedadea, Alberdi II.arena da, asteazken honetan bertan Baikorekin kontratua luzatu berritan, Promozioan ere arituko baita. Aurrelari azpeitiarrak Morgaetxeberriarekin osatuko du bikotea, iaz, Bakaikoa lagun -Buruz Buruko txapelduna-, finalerdietaraino iritsi zen zornotzarra.

Beste bi bikoteak, aipatu legez, iazko berberak aukeratu ditu Bilboko enpresak: Agirre-Iztueta eta Larrazabal-Eskiroz.

Aspek aldaketa gehiago egin ditu: Zabala, iaz txapeldunordea Gaskuerekin, kanpoan geratu da, eta Hodei Expositok hartuko du haren lekua. Erostarbe ere ez du aukeratu Eibarko enpresak, Eskuzaren aldeko apostua berresteko, aurten debuta egin duen atzelaria. Pilota profesionala utzi berri duen Oier Etxeberriaren ordez Arbizu lehiatuko da, Salaberriarekin -iaz finalerdietaraino iristea lortu zuen eta Buruz Buru txapeldunordea izan zen-.

ZAZPI JARDUNALDIKO BI ITZULI

Bihar Azkoitian hasi eta martxora bitartean luzatuko da Eskuz Binakako Serie B Txapelketa. Zazpi jardunaldiko bi itzuli, orotara hamalau jardunaldi jokatuko dituzte pilotariek sailkapen ligan. Bi bikote onenak zuzenean sailkatuko dira finalerdietako ligara. Hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatuek playoffak jokatu beharko dituzte, aurrera egin ahal izateko. Finalerdietako ligak hiru jardunaldi izango ditu, eta final handia Labriten izango da martxoaren 23an.

Egiguren-Eskuza eta De la Fuente-Bikoña bikoteek estreinatuko dute txapelketa Azkoitian, bihar gaueko jaialdian, lehen mailako norgehiagokaren ostean, 22.15etik aurrera. Etzi, larunbatez, lehiatuko dira Agirre-Iztueta eta Alberdi II.a-Morgaetxebarria, Aizarnazabalen, 17.15ean, eta asteburua Seguran bukatuko da Zubizarreta III.a-Ugartemendia eta Senar-Eskirozekin. San Andres egunean, greba orokorra deituta dagoen egunean, Eibarren itxiko dute lehen jardunaldia Salaberria-Arbizuk eta Exposito-Gaskuek.