GARA
GASTEIZ

Suhiltzaile-etxe guztien lana arautzen duen legea onartu du Legebiltzarrak

Gasteizko Legebiltzarrak ia aho batez onartu zuen atzo EAEko 26 suhiltzaile-etxeen protokoloak eta lan-metodoak homogeneizatzen dituen legea, sektore horretan duela 27 urtetik dagoen araudia eguneratzen duena. EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU, PSE eta Ciudadanosen babesa jaso zuen Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuen Legeak. PP eta Vox abstenitu egin ziren.

Josu Erkoreka Lakuako Segurtasuneko sailburuak osoko bilkuran hitz egin zuen testua defendatzeko txandan, eta pozik agertu zen «gaurkotuagoa, hobea eta indartsuagoa» den lege bat lortu delako, dagoeneko horrelako arau bat duten sei erkidegoren ereduari jarraituz. Gainera, eskertu egin zituen hasierako idazkera «nabarmen» hobetu duten zuzenketak, eta, horren ondorioz, erregulazio «ordenatuagoa eta sistematikoagoa, baina askoz ere osatuagoa» lortu da», zerbitzuaren profesionalizazioan eta suhiltzaileen jardunean gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean aurrera egiteko.

Lakuako Gobernua babesten duten taldeetatik, Estibaliz Larraurik (EAJ) akordioa goraipatu zuen eta Txarli Prieto PSEko legebiltzarkideak azpimarratu zuen legea oso garrantzitsua dela larrialdiez arduratzen diren gizon eta emakumeen eskaerei erantzuteko.

Lanbidez suhiltzaile den Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, «nahiz eta hobetu daitekeen, ona da», «lanaren errealitatera hobeto egokitzen delako». Ildo horretan, gogorarazi zuen oraindik bidea dagoela egiteko, baina «mugarri garrantzitsua» dela esanda.