IRAITZ MATEO
DONOSTIA

Atxagak «aurrekoari aurre eginez» berridatzi du «Bi anai» eleberria

«Bi anai» eleberriaren edizio berritua argitaratu du Bernardo Atxagak Erein argitaletxearekin. 1992an plazaratu zen lehendabiziko alea, 2000. urtean bigarrena, eta atzo goizean aurkeztu zuten azkena; mila aldaketa baino gehiagorekin.

Donostian aurkeztu du Atxagak «Bi anai» eleberri laburraren edizio gaurkotua.
Donostian aurkeztu du Atxagak «Bi anai» eleberri laburraren edizio gaurkotua. (Maialen ANDRES | FOKU)

Bernardo Atxagarekin ez du edonork gosaltzen; atzo goizean, ordea, kazetariekin batera gosaldu zuen idazleak, bere lan berrituaz mintzatzeko. “Bi anai” liburuaren edizio berritua aurkeztu zuen Erein argitaletxearekin batera, eta egungo garaira egokitutako mila aldaketa baino gehiago egin dituztela kontatu zuen. Beste aitorpen bat egiteko ere baliatu zuen gosaria; Asun Garikano aurkeztu zuen, azken urteetan berak sinatutako liburuak idazten lagundu dion kidea, editoretza lanak egin dituena.

Azken urteetan behin baino gehiagotan izan du aipagai Atxagak “Bi anai” liburuari amaiera aldatuko liokeela. Liburu-aurkezpenetan spoilerrik ez egiten ahalegintzen dira idazleak maiz, eta kasu honetan ere amaiera zertan aldatu duen ez zuen kontatu asteasuarrak.

Argitaratu ostean idazleak «itxitzat» ematen du liburua, Garikanoren ustez, eta onartu zuen Atxagarentzat ez dela «batere gogoko lana» izan, burua jada hurrengo liburuan zuelako. «Bumeran» tankera hartu zion idazleak ariketa hori egiteari: «Oso zaila da aurrekoari aurre egitea». Baina, aldi berean, bigarren bizitza pozgarria ere badela kontatu zuen.

MILA ALDAKETATIK GORA

Amaiera posible berri baten nahia, eta euskararen egoeraren aldaketa; horiek izan ziren edizio berrirako arrazoi nagusiak. Garikanok kontatu zuen hizkuntza asko aldatu dela azken berrogei urteetan; «erabiltzen ziren hitz batzuk bazterrean geratu dira, eta egun ez dira erabiltzen, lexikoa asko aldatu da». Bere ustez, hitz horiek bazterrean utzi eta erabiltzen direnak txertatu behar dira. Bat dator Atxaga, «narrazioak transparentea izan behar du, irudimenak ez du inolako trabarik behar»; eta, bere ustez, ulertzen ez den hitz bakoitza «nabarmen geratzen da» eta «eten bat» sortzen dio irakurleari kontakizunetik ateraz. Hori gertatzea saihestu dute lan berrian. Narrazioan ere egin dituzte aldaketak, ordea, «argiago azaldu ditugu zenbait kontu, eta erritmo biziagoa eman».

Atalak bereizteko modua izan da aldaketa berrietako bat. Atal bakoitzean narratzailea aldatzen da, jatorrizko bertsioan zenbaki bidez bereizten ziren. Orain, aldiz, atal bakoitzak bere izena du, eta zein den narratzailea jasotzen du segidan, «horrek helduleku bat ematen dio irakurleari», argitu zuten.

«BERME-PUNTUA», OBABA

Narrazioaren mamia ez da aldatu, ordea, eta Atxagak aitortu zuen bere «berme-puntua» Obabako mundua dela. Liburuaren ardatza «psikologiarik ez egotea» dela adierazi zuen, ez dagoela «lexiko freudianorik», eta animalien bidez kontatzen duela, beraz, bi anaien barne-bizitza. «Nire hipotesia da leku ruraletan ez dela egon ez psikologiarik, ez politikarik. Barne-bizitza beste elementu batzuen bidez kontatu izan da; mamuen bidez, esaterako». Eta zailena ere horixe egin zitzaion, elementu horien bidez kontatzea istorioa: «Ahalegin tekniko ikaragarria da bi anaien trama kutsu psikologikorik gabe kontatzea».

Obaba «jasotako estereotipoen aurkako borroka» bat dela defendatu zuen atzo. Eta joera handia dagoen arren, landa eremuko zein hirietako bizilagunak estereotipo bihurtzea deitoratu zuen.