Floren AOIZ
@elomendia
JOPUNTUA

Mileiren motozerra zerumugan

Milei da, dagoeneko, Argentinako lehendakaria. Lehen itzulian ustekabekoa eman ondotik, irabazle gertatu da bigarrenean, eskuineko beste hainbat indarren babesari esker. Macri lehendakari ohi neoliberala ageri da, besteak beste, garaipenaren bultzatzaileen artean, Mileiren hainbat gehiegikeria mozorrotzen lagunduz.

Mileik irabazi baldin badu, izugarrizko operazio mediatikoaren ondorioz izan da. Bistan denez, komunikabide eta iritzi-sortzaileen eraginak ez du halako fenomeno korapilatsua guziz argitzen, baina komeni da Mileiren kontakizun publizitarioa ez irenstea: Argentinako alderdi sistematik kanpokotzat aurkeztu badute ere, Macron frantziar Errepublikan, Bolsonaro Brasilen edo Trump Estatu Batuetan bezala, eliteetatik atera da Milei. Ez da antisistema bat, sistemaren seme fidel eta fanatikoa baizik, ultraneoliberala, finean.

Alta, bere arrakasta ulertu nahi baldin badugu, sistemaren kontrakotasun formalari erreparatu behar diogu. Kontua da baliatu duen erregistroan «sistema» ez dela kapitalismoa, ez Mendebaldearen nagusitasun geopolitiko, ekonomiko edo ideologikoa, ezta patriarkatua ere. Arrakastaz landu duen hizkeran «sistema» azken mendeko lorpen sozialak eta bere sustatzaileak dira, estatuaren alde sozialak, zerbitzu publikoak, sexu eta afektibotasun aniztasunaren defentsa, sindikatuak, ezkerra, askapen mugimenduak... Mileiren egitasmoa oso argia da: merkatua babestea eta segurtasuna bermatzea dira estatuaren zeregin bakarrak, beste guzia sobera dago eta, horrenbestez, pribatizatu egin behar da.

Ezin, egitarau sistemikoagorik proposatu, horixe baita neoliberalismoan logika sakona, baina diskurtsoan, iruditerian, estetikan... Mileik jende asko afektatzeko gaitasuna erakutsi du. Egoneza energia suntsitzailea bilakatu du, motozerra ikur gisa hartuta. Pasio tristeak irabazle Argentinan; bestelako pasioak piztu beharko gurean, inguratzen gaituen olatu horri aurre egiteko.