GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Erantzunik gabe geratu galdera


Ez nago seguru Txirritak nola begiratuko zion hasierako norteko ferrokarril hari, baina susmoa daukat ni bere antzera nagoela gaur begiratzen Sabin Etxearen zer horri. Mundua aldatzen ari zen orduan, eta areago aldatu orain. Azken bizpahiru urtean, kasurako, ezustean harrapatu gaituzten gertaeren segida bizitzen ari gara. Lehenik covida etorri zen, gero muga hauskorretako herrialde bati egindako inbasio pandemikoa, geroago sukaldeko olioaren prezio-borroka, orain gutxi lurrikara han eta presen eraispena hor, oraindik orain genozidio ofiziala Palestinan, hemengo poliziak eta hango epaileak kalean manifan, hizkuntza ereduen 360 graduko iraultza... zer gehiago izan zitekeen planeta gaixo honetan? Bada, bai! Ajuriaeneko maizterra desbajetzear direla! Akabo! Hamaika ikusteko gara, gero, TBn ere! Non amaituko!

Jelkideak eta jeltzaleak elkarren aurkako borrokan? Ez zait erraza egiten horien matazan hari berririk topatzea. Akaso JxC-rekin hasitako ezkonbidaiak mendirantz bultzatuko ditu irabazleak? Michelinek iragarritako murrizketak PNeuVren krisiaren ondorio ote? Mitxelinak galtzaile, agian. Imajinatzen dut bikote berriak Waterloo erdiko etxe-agentzietan duplex bila... Baina benetan orain, zintzo demonio, pena ematen dit maizterra desjabetzeak; zer etorkizun izango ote du gure Gernikako Estatu haren bidezko foru-nazio haren konbentzio konstituzional hari begirako ustezko eta balizko aldebikotasun zer horrek? Nago ni, galderari erantzunaren esperoan geratuko naizela luze, San Juan korintoarren esperoan geratu legez. Amen! Akabo ditxosozko «auzolana» Ajuria horretan.

Total, Sabin Enea eta Ajuria Etxea mokoka. Eskerrak Think Next gogoeta-taldea abiatu dutela «etorkizuneko erronkei» eusteko. Kolpea gero! Erronka ate joka dute gaur! Atzoko erronka bera! Amen!