Kizkitza GIL DE SAN VICENTE GOIKOETXEA
Sortuko Ekintza Politikoko arduraduna
KOLABORAZIOA

Zaintzaren borrokaz zenbait hausnarketa

Demagun emakumeok gure jardun politikoaren erdigunean geure askapena bera jartzen dugula. Erabakitzen dugula gure emakume izateak berak behar duela izan gure kontraesan nagusia, eta begirada horretatik egituratzen ditugula gure ikuspegiak eta estrategiak, zeintzuek ahalbidetzen diguten gainerako zapalkuntzak azaltzea, egokitzea eta are hierarkizatzea zeharkatzen gaituzten gainerako zapalkuntza guztiak; besteak beste, nazioa, etnia, arraza, klasea, kultura eta sexua.

Demagun oraingoan ez garela gorputz eta arima entregatzen zeharkatzen gaituzten beste borroka batzuetara, ondo asko baitakigu horiek ez digutela ziurtatzen, eta ez dakartela per se eurekin ere, gure askapena sexu gisa. Demagun fin jartzen garela, eta ez ditugula lehenesten mugimendu eta ekintza-batasunak gure zapalkuntzak sentitzen, jasaten, ikusten eta ulertzen ez dituzten sektore sozial horiekin.

Alegia, demagun kontzienteki gure bizitzak eskaini dizkiogun horren justu kontrakoa egiten dugula, eta ez dugula bestea lehenesten, ezta besteak ere; eta geuregandik abiatuta egiten dugula bizitzan aurrera, osotasun hori barne hartu gabe. Jarrera horrek, zalantzarik gabe, zibilizazio-kolapsoa ekarriko luke, paralisia dinamika politikoan, desorientazio orokorra. Hori irudikatzera ausartzeak berak bakarrik badauka dagoeneko sendatze-efektua.

Lasai, euskal emakumeok ez diegu muzin egingo gure komunitateei; emakumeok gure jendartearen parte eta ondorio gara, baita denbora eta lurralde honetan ezartzen diren harremanenak ere. Feminismoa aldaketarako indarra da; berdintasunaren, ongizatearen eta zoriontasunaren katalizatzailea da artikulatzen denean, gure garaiko borroka emantzipatzaileekin harremanean jartzen denean eta zapalkuntza- eta esplotazio-sistema globalari erantzun orokor bat ematen saiatzen denean; hau da, jendarte hobe bat eraikitzen eta pertsona libre gisa eraikitzen saiatzen denean, hemen, Europa mendebaldeko Euskal Herri honetan.

Hori guztia argi izanda, baloratu dezagun ikuspegi autozentratu batetik euskal feminismoak ireki duen borroka zikloa, zaintza eskubide kolektibo aitortua eta bermatua bilakatzeko helburuz.

Zaintza agenda politikoaren erdigunera ekartzea, haren balio sozial eta monetarioa aitortzea, duintzea eta horiek kolektiboki onartzea jauzi kualitatibo bat da patriarkatuaren aurkako eta emakumeen askapenaren aldeko borrokaren prozesu historikoan. Jauzi bat, emakume gisa emantzipatzeko baldintza materialak hobetzeko aukera ematen duena. Jauzi bat, nire ustez, animalia emeak izatetik arrazionaltasunaren jabe garen emakumeak izatera igarotzeak ekarri zuenaren parekoa. Gure eskubide zibil eta politikoak aitortzearen pareko jauzia (boto eskubidea, herritartasun-eskubidea, dibortziorako eskubidea, aborturakoa edo hezkuntzarakoa).

Esperientziak erakusten digu aurrerapenak ez direla iraunkorrak eta osoak, ezta orokortuak ere emakumeentzat. Baina, era berean, esperientziak erakusten digu gure burua konbentzitzea lortzen dugunean, jendartean trakzio-indarra garela eskubideetan aurrera egiteko eta egungo erreakzio kontserbadore eta misoginoa geldiarazteko. Euskal feminismoa jendartea interpelatzen ari da, eta borroka horretara elkarrekin batzeko deia egiten ari zaigu emakumeoi.