GARA Euskal Herriko egunkaria

Agendari begira


Azaroko azken astelehena, aurtengo azken zutabea niretzat. Iaz bezala, datozen lau hilabeteetan atseden hartuko dut eta apirilean itzuliko naiz, agian oraindik eta ernegatuago; edo agian apur bat lasaituko naiz? Nork daki. Mundua nola dagoen ikusita, gehiago ernegatzeko aukera errealago ikusten dut-eta, apur baretzekoa baino. Ikusiko dugu...

Bitartean, zer izan daiteke interesgarria surf munduan datozen lau hilabeteetan? Alegia, orriotan argitaratzekoa litzatekeen zer gerta daiteke? Badira aurreikusi ezin diren kontuak; adibidez, itsaski handiak, istripuak edo ezohiko gertaerak, baina badira ikusmina sor dezaketen gertakariak ere. Esate baterako, zenbait txapelketa.

Ipar hemisferioan neguan izaten dira itsaski sendoenak eta, ondorioz, irudi ikusgarrienak ere sasoi honetan eskuratzen dituzte argazkilari eta bideo egileek. Jada ikusi ahal izan ditugu Portugal eta Irlandan azken asteetan hartu dituzten olatu beldurgarrien irudiak, eta, beste maila batean, baita Mundakan hartutako irudiak ere.

Negua hasi besterik ez da egin; hortaz, oraindik antzeko irudi gehiago izango dira datozen hilabeteetan, eta gainera, tarte horretan baldintza egokiak badira, Nazare eta Pe’ahiko olatu handien munduko txapelketak egingo dira.

Goi mailako txapelketei dagokienez, ostera, Hawaiin izango dira munduko surflari hoberenak abendu eta otsail bitartean, urteko hilabete hoberenak baitira Oahu iparraldeko urautsi famatuetan surf egiteko. Abenduan Pipelinen bilduko dira munduko tubo egile hoberenetakoak, eta urtarrilean urautsi berean hasiko da 2024ko lehen mailako CT itzulia.

Gurean, abenduko asteburu batean amaituko dira Mundakan Euskal Herriko Surf Federazioak antolatzen dituen surf eta bodyboard zirkuituak. Bestalde, urtarrilean munduko Junior txapelketa izango da Kalifornian, eta han izango dira Annette eta Janire Gonzalez Etxabarri, Europako Junior itzuliko lehen bi postuak eskuratu zituzten bi ahizpak. Honenbestez, izango da zer ikusi. Beste gauza bat da zer gertatuko den. Alegia, gerta daiteke Hawaiiko txapelketetan olatuak ez izatea espero bezain onak, edo aurtengo neguan itsaski bortitzik ez izatea, edo Mundakako txapelketa Sopelan egin behar izatea, edo gure kirolariek guk nahiko genukeen emaitza ez eskuratzea. Kontrakoarekin amets egiten dugu, baina gerta daiteke, surfak zerbait badu ziurgabetasuna baita. Horrek egiten du hain berezia.