Eneko BARBERENA
Idazlea
JOPUNTUA

Izpiritu

Han izan ginen, duela hamar urte, Arrasateko Beste bat! St. Pauli-Mondra jarraitzaile taldeari esker. Kolore marroi eta beltza nagusi harmailetan, “Hells Bells” bozgorailuetan ozen eta Hanburgoko marinel auzo lehortuko zirrara. Egun hartan erosi nuen kamisetari so nago, armairutik atera berritan. Marroia da eta berau janztean Jolly Roger irudi handi batek betetzen du bularraldea.

Arrasaten elkartu zen duela 13 urte lagun saldo bat futbol talde alemaniarraren aldeko jarraitzaile taldea sortzeko. Askorentzat ezaguna izango da St. Pauli, baina, despistaturik balego, esan beharra dago klubak eta bere zaletuek beti izan dutela sentsibilitate handia ezkerreko kausekin eta baita hamaika gizarte problemekin ere. Naziak ez dira ongi etorriak Millerntor estadioan eta ezta ohiko futbol estadiotan ohikoak diren beste hainbat jarrera ere.

Albistea da duela egun gutxi desegin dela aipaturiko jarraitzaile talde arrasatearra. Arrazoia barne eztabaida handi bat, St. Paulik osotasunean Gazako sarraskian edukitako jarrera haien ustez epel eta ulergaitzagatik. Genozidioa eta Israelek eginiko sarraskia salatu beharrean, antisemitismoaren mamuen labirintoan galdu dira sanpaulitarrak antza, beste hamaika alemaniarren antzera, eta horrek atsekabea sortu du hemen. Realari eskatzen ez zaion irmotasuna eskatzen zaiola klub alemaniarrari? Bai, baina hori ere ulergarria da, klubarekiko atxikimendua balio jakinetan oinarritzen denean. Oxala gure gobernari mengelen aurrean, ez direnak kapaz ezta telebistak zuzenean eskainitako genozidio bat geratzeko ere horrek dakarren inpotentzia sentsazioarekin, guk ere St. Pauliren zale mondragoetarrek bezain irmo jokatuko bagenu eta planto egin.

Esker onez, eta dezepzioaren zapore mingotsa kentzeko edo, errekonozitu nahi diet Beste bat! taldekoei herriaren alde lan egiteko aldartea. Hori da bidea, nahiz eta ibilbidea beti ez bukatu nahi bezala.

Nik ere ez nuen aurreikusia hurrengo udarako tomate landareak parratara oihal txatal marroiekin lotzerik.