29 NOV. 2023 Entrevista Agus BARANDIARAN Korrontzi taldeko musika-sortzailea «Ehun urte barru ‘Joxek andreari’ entzuten bada, herriak bere egin duelako izango da» Orain hogei urte, Korrontzi folk musika-taldea sortu zuen trikitilariak. Bere helburua euskal musika herrikoiari zein bere lurraldeko antzinako doinu tradizionalei ikuspuntu moderno eta garaikideago bat ematea zen. Bi hamarkadaren ostean, hor dabil, errepidean. Urte hauetan gauza bat aldatu zaio: jarrita ematen ditu kontzertuak, dotoreago. (Oskar MATXIN | FOKU) AMAIA EREÑAGA BILBO 2024an hogei urte beteko ditu Korrontzik; ez da marka makala. Atzera begiratzeko tartea hartu dute “Korrontzi 20” (Elkar) izeneko disko-liburuarekin: taldearen 12. lan honetan 20 kantu ezagunen bertsioak grabatu dituzte, gehi beste hiru kanta berri. Berrituta dator Korrontzi, Luis Peixoto ekoizle portugaldarrak beste “buelta” bat eman dielako beraien kanta ospetsuenei. Lagunak elkartu dituzte “urtebetetze” honetarako, batzuk oso ezagunak folk musikaren unibertsoan -Phil Cunningham eskoziarra, Luis Na Lubre galiziarra, Hevia asturiarra...-, beste batzuk beste esparru eta doinu batzuetatik etorriak: Iñigo Etxezarreta (ETS), Alex Sardui (Gatibu), Jon Maia, Erramun Martikorena, Xabier Amuriza... baita Itziar Ituño aktorea ere. Ituñok bera lagundu die “Joxek andreari” berria kantatzen. Abenduaren 26an aurkeztuko dute Bilboko Campos antzokian, Zapore elkartearentzat emango duten kontzertuan, eta gero, berehala, errepidera. Lotuta dituzten kontzertuen artean Indian, zehazki Mumbai hirian, egingo den jaialdi handi batekoa dago. Urteak daramatza Korrontzik, Oinkari dantza taldearekin batera, mundua trikitiaren doinuekin dantzan jartzen. Disko-liburuan agertzen den 2005eko elkarrizketa batean hauxe irakurri dizut: «Gehiengoak ez du trikitixa ezagutzen». Hogei urteren buruan ezagutzen al da? Trikitixa Euskal Herritik kanpo ez zela ezagutzen esan nuen orduan, esaldia testuinguruan jartzearren. Eta, bai, ezagutzen da eta horretan gabiltza: hamabi disko, 900 kontzertu Euskal Herritik kanpo 30 herrialdetan... eta, horren ondoren, hauxe dator [diskoa erakusten digu]. Bira itzelak egin ditugu Ameriketako Estatu Batuetan, Brasilen, Cabo Verden, Zipren, Malaysian, Europa guztian... hainbat eta hainbat lekutan egon gara euskal kulturaren erakusleiho txiki eta xume eta umil bat izaten. Gure musikarekin, gure dantzarekin, gure hizkuntzarekin bidaiatzen dugu. Hasieran ezagunagoak zineten kanpoan gurean baino; zer dela eta? Are gehiago, lehenengo diskoa Madrilen grabatu genuen. Horrek ekarri zuen kanpoan asko jo genuela, baina Euskal Herrian batere ez. Lan hau pixka bat dator horretara, zeren Korrontziren azkenengo hamar urteak ezagunak dira, baina lehendabizikoak ez horrenbeste. Nahi genuen islatu gure diskografia eta baita, irudien bitartez, eskainitako emanaldiak ere. Oso grafikoa da disko-liburua, zuen ibilbideko argazki eta afixaz betea. Ikaragarria da, zenbat kontzertu! Askotan jendea ez da konturatzen zer den Eskozian egun batean jo eta hurrengo egunean Finlandiara joan, eta handik gero Hungariara. Horrela ibili gara, hori izan da gure lana. Oskorri zegoen orduan, folk munduko izen handia. Zuena nahasketa izan zen, zerbait berria, ezta? Orduan figurarik handienak Oskorri eta Kepa Junkera ziren eta gu haien bidetik gure bidetxoa egiten hasi ginen, eta agian horregatik joan behar izan genuen Madrilera lehen diskoa ateratzeko. Hori gauza ona izan zen guretzat; bueno, momentuan ez, baina gogoratzen naiz jarri ginela Madrilen bertan Galileo aretoan jotzen eta Normandian bira handi batean... horrek sartu gintuen musika tradizionalaren merkatuan. Hasi ginen herrialdez herrialde gure musika erakusten. Egun rocka hilda dagoela dio zenbaitek. Folka nola dago? Osasunez ondo? Nik uste dut inoiz baino biziago dagoela. Beste debate bat zabaldu dezakegu, dena den: zer da musika tradizionala eta zer ez? Korrontzik musika tradizionala egiten al du? Zeren guk ere horrelako kritikak izan ditugu. Nik esaten dudana da gure tradizioaren bertsio propioa egiten dugula eta hemendik ehun urtera ‘Joxek andreari’ edo Korrontziren beste kanturen bat entzuten bada horrek esan nahiko duela herriak hartu duela musika tradizionala legez beretzat. Uste dut osasuntsu dagoela musika tradizionala; behintzat ikasle mordoa dago, bai trikitixa, bai panderoa eta bestelako instrumentuak ikasten. Instrumentua bera ezagutzen dute, baina agian ez atzean dagoen historia, eta hori izaten da irakasleen lana.